Iurretako Udalak, Dendak Bai Durangaldeko Merkataritza eta Ostalaritza Elkartearekin elkarlanean, Gabonetako kanpaina berri bat jarri du martxan herriko merkataritza eta ostalaritza indartzeko asmoz. Ekimenaren bidez, Gabon garaian tokiko saltokietan erostea sustatu nahi da.

Kanpaina abenduaren 15etik 30era egingo da, eta epe horretan gutxienez 50 euroko erosketa egiten dutenek poltsadun aterki tolesgarri bat jasoko dute opari gisa. Zenbateko horretara iristeko, egun horien barruan egindako hainbat dendatako tiket desberdinak batu ahal izango dira.

Aterkia eskuratzeko, erosketaren tiketak HAZ bulegoan aurkeztu beharko dira. Kanpainak 15 eguneko iraupena izango du, edo opariak amaitu arte.

Horrez gain, parte-hartzaileek gabonetako hiru saskiren zozketan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, HAZen eskuragarri dagoen orria bete eta horretarako prestatutako kutxan utzi beharko da. Zozketaren irabazleak 2026ko urtarrilaren 2an jakinaraziko dira. 

Iurretako Udalak azpimarratu duenez ekimen honen helburua herriko merkataritza eta ostalaritzari bultzada ematea dela, urte amaierako erosketa garaian tokiko kontsumoa indartuz eta herritarrak erosketak Iurretako establezimenduetan egitera animatuz.