Bermeok aurrerapauso berria eman du gazteen alde, Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseilua martxan jarriz. Egitasmoa Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin sortu da, 6.000 euroko dirulaguntzarekin, hain zuzen. Espazio honen bidez, haurrek eta nerabeek aukera izango dute beren iritziak modu antolatuan helarazteko eta zuzenean eragiten dieten gaietan parte hartzeko.
Martitzenean egin zuten lehen osoko bilkura, Kontseilua osatzeko eta parte-hartzaileak elkar ezagutzeko balio izan zuena. Guztira, 14 ikaslek osatzen dute taldea: Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazón ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko DBH 1. eta 2. mailako gazteek. Bilkuran, Nadia Nemeh Shomaly alkateak eskerrak eman zizkien parte hartzeko prest agertutako boluntario guztiei. “Udaletik espero dugu, esperientzia honekin gozatzeaz gain, zuen iritzia ematea eta zuen denborarekin herria eta bertan bizi diren pertsonen bizitza hobetzea zein aberasgarria daitekeen ikasteko aukera izatea”, adierazi zuen alkateak.
Gaztelekua
Kontseiluak hilean behin egingo ditu bilerak, eta ekainaren amaieran aurkeztuko dizkiote alkateari eta zinegotziei ikasturtean zehar landutakoa. Aurtengo ardatz nagusia Gazteleku berria izango da: jardueren diseinua, espazioaren hobekuntzak eta proposamen berriak lantzeko aukera izango dute.
Bestalde, Maite Caruezo Gazteriako zinegotziak gogorarazi zuen kontseiluak kontsulta-organo izaera duela helburua “adingabeen ikuspegia tokiko politiken diseinan txertatzea” delarik.