Kultur Tailerretan izena emateko epea irekiko du Durangok
2026an, pintura tailer berriak eskainiko dira, baita mindfulness eguneroko bizitzan, astronomiaren hastapenak, makrame dekoratiboa, sendabelarrak eta joskintza erraza ikastaroak ere
Astelehen honetan, abenduaren hasierarekin batera, irekiko da Durangoko 2026 Kultur Tailerren programan izena emateko epea. Sormena, ikaskuntza eta ongizatea sustatu nahi duten adin guztietako herritarrek har dezakete parte.
Programak lau pintura tailer berri eta hainbat gairi buruzko hilabeteko ikastaroak eskaintzen ditu: mindfulness, astronomia, makrame dekoratiboa, sendabelarrak eta joskintza erraza. Tailerrak Intxaurrondo Gazte eta Kultur Gunean eta Ezkurdi Udal Aretoan eskainiko dira, egun eta ordutegi ezberdinetan, parte-hartzea errazteko.
Tailerrak
- Pintura: Haur, gazte eta helduei zuzendutako tailerra, adin-tarte ezberdinetarako astero egingo diren saioekin. Jarduera honek adierazpen artistikoa, sormena eta margolaritzako gaitasunak garatzea du helburu.
- Mindfulness eguneroko bizitzan: 16 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ikastaroa, egunerokotasuna modu kontzienteagoan bizitzen laguntzeko, estresa gutxitzeko eta kudeaketa emozionala lantzeko.
- Astronomia – Hastapenak: Astronomiaren mundusn lehen urratsak emateko tailerra, non astroak, konstelazioak eta tresna astronomikoen erabilera landuko diren
- Makrame dekoratiboaren hastapenak: Makramearen antzinako teknika erabiliz apaingarriak sortzen ikasteko tailer praktikoa.
- Sendabelarrak: Sendabelarrek dituzten propietateak eta erabilera praktikoak ezagutzeko ikastaroa, medikuntza naturalean oinarrituta.
- Joskintza erraza: Joskintzako hastapen tailerra, bai eskuz bai makinaz oinarrizko teknikak ikasteko, jantzi edo osagarri errazak sortuz.
Izen-ematea eta plazak
Tailer bakoitzean leku kopurua mugatua da eta plazak zozketa bidez esleituko dira. Izen-ematea abenduaren 1etik 9ra bitartean egin ahal izango da, eta abenduaren 10ean egingo da zozketa. Durangon erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dute plazak esleitzerakoan. Plaza esleituta izan ondoren, parte-hartzea baieztatu eta ordainketa egin beharko da abenduaren 18a baino lehen.
Prezioak tailer motaren arabera aldatzen dira: hilabeteko ikastaroek 10 euroko hileko kostua dute, eta astean ordubeteko iraupena duten pintura tailer berriek, berriz, 8 euro hilean.
Izen-ematea egiteko bi bide daude:
- Online: Durangoko Agenda Kulturalaren webgunearen bidez: www.durango.eus/kultura-tailerrak.
- Aurrez aurre: Intxaurrondo Gazte eta Kultur Gunean (Laubideta kalea 6A), astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
Informazio osoa erantsitako liburuxkan eta webgune ofizialean www.durango.eus/kultura-tailerrak kontsultatu daiteke.