Durangok 140.000 euro bideratuko ditu tokiko enplegua sustatzeko
Udalerriko tokiko enpresei zuzenduta, kontratazioak errazteko laguntza hau 2026ko otsailaren 13ra arte eskatu ahal izango da
Tokiko enplegua sustatze aldera, Durangoko Udalak udalerriko enpresei zuzendutako dirulaguntza-deialdi berri bat jarri du martxan, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuarekin indarrak batuz.
Udalaren dirulaguntza hau lan-merkatu arruntean Durangon erroldatutako pertsonen kontratazioa sustatzeko da. Diruz lagundu daitezkeen kontratuak 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean egindakoak izango dira.
Deialdira Durangon lantokia eta jarduera ekonomikoa duten enpresak —pertsona fisikoak edo izaera pribatuko pertsona juridikoak—aurkez daitezke, betiere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean badituzte eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ez badaude.
Lanbidek guztira 215.778 euro bideratu ditu, horietatik 75.000 euro dagoeneko martxan dagoen Enplegu Planerako, zeinaren bidez 6 langabetu kontratatuko diren, eta 140.778 euro dirulaguntza-deialdi honetarako.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago 2026ko otsailaren 13ra arte, eta bi modutara aurkeztu daitezke:
- Aurrez aurre, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ), Barrenkale 17an.
- Telematikoki, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: www.durango.eus/subvenciones
Deialdi hau 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan jasota dago, eta horrek erakusten du Udalaren konpromiso irmoa dela enplegu-politika aktiboak garatzea, laneratzea eta tokiko garapen jasangarria bultzatzea.
Jesica Ruiz alkateorde eta Herritarren zinegotziak adierazi duenez, “Udaletik lan egiten jarraitzen dugu Durangoko pertsonei benetako enplegu-aukerak eskainiko dizkieten politikak sustatzeko. Iaz, dirulaguntza-lerro honen bidez, 215.611 euro bideratu genituen enplegua sustatzera. Laguntza hauek tokiko enpresa-sarea sendotzeko eta lan-merkatuan zailtasun gehien dutenen laneratzea errazteko tresna eraginkorrak dira. Gure deialdian parte hartzera animatzen ditugu udalerriko enpresa guztiak.”
Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek oinarriak osorik kontsulta eta beharrezko ereduak deskargatu ahal izango dituzte udalaren web-orrian.