Urteko garai berezienetako bat dira Gabonak, eta hilabete bat baino ez da falta horiek ospatzeko. Hori dela eta, iaz bezala, Getxoko +60 Udal Dinamizazio Zerbitzuak tailerrez eta jarduerez osatutako programazio berezia aurkeztu egin du. Dagoeneko zabalik dago jardueretan izena emateko epea.
“+60 Zerbitzuaren Gabonetako programazioak gure udalerri-eredua islatzen du, hau da, adinekoak zaintzen eta laguntzen dituen, eta beren autonomia sustatzen duen Getxo. Data horietan, bakarrik ez egoteak eta komunitate-bizitzak balio berezia hartzen dute, eta inor bakarrik ez sentitzea nahi dugu. Horregatik, osasun emozionala indartzen duten eta parte-hartzea eta gizarte-konexioa sustatzen dituzten jarduerak bultzatzen ditugu”, azaldu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Urgull Zentroan Gabonetako eskulaneko crochet tailerra egongo da, astelehenetan, abenduak 1, 15, 22 eta 29, eta abenduaren 3 eta 10ean (asteazkenetan), 17:00etan. Aipatutako astelehenetan, ordu berean, xakean aritzeko hitzorduak ere izango dira.
Romo Kultur Etxean Gabonetako eskulanen tailer bat antolatu da crochet-ekin (abenduaren 2an eta 16an, 17:00etan), Gabonetako koroa tailer bat material naturalekin (abenduaren 10ean eta 17an, 11:00etan), beste bat Gabonetako zuhaitz txikiak egiteko (abenduaren 16an, 17:00etan), eta eskulan tailer bat harri apaingarriekin. Bestalde, RKEko Gaztelekuan belaunaldien arteko bi jarduera izango dira, lehena Gabonetako postre-tailerra, abenduaren 4an, eta bestea txurroak txokolatearekin egin eta dastatzeko, hilaren 11n. Bi hitzorduak 18:00etan izango dira. Azkenik, abenduaren 13an, dantzak orkestrarekin izango dira, 18:00etan, eta hilaren 18an El despertar de María pelikularen proiekzioa, 18:30ean, Zineadin zikloaren barruan.
Gainera, Bilboko Belen museora joateko irteerak egingo dituzte, abenduaren 9an, 12an, 16an eta 19an, 10:00etan. Bidaia metroz izango da udalerriko geltokietatik.
Jardueretarako izena emateko epea (xakean jolasteko izan ezik, horretan ez baita beharrezkoa) azaroaren 21etik 28ra izango da, Romo Kultur Etxean kokatutako +60 Dinamizazio Zerbitzuan eta/edo 94 466 00 22 telefono zerbitzuan.