Síguenos en redes sociales:

Fabriken arteko errepideko trafikoa urbanizatu eta berrantolatuko dute Aldundiak eta Barakaldoko Udalak

Proiektua toki-administrazioak gauzatuko du eta 6 milioi euroko ekarpena egingo duen Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren laguntza ekonomikoa izango du

Fabriken arteko errepideko trafikoa urbanizatu eta berrantolatuko dute Aldundiak eta Barakaldoko UdalakBFA

Fabriken arteko errepidea esaten zaion BI-739 errepidea Barakaldoko BECeko biribilgunearekin lotzeko bide berri bat eraikiko da, aste honetan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barakaldoko Udalak sinatu duten lankidetza-hitzarmenari esker.

Foru Gobernuaren Kontseiluak aste honetan baimendu du akordioa eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailaren 6 milioi euroko laguntza ekonomikoa jasotzen du. Hitzartutako proiektua Barakaldoko udalak gauzatuko du eta toki-erakundeak 3,5 milioi euroko ekarpena egingo du.

Proiektuaren helburu nagusia Labe Garaietako Sestaoko eta Ansioko plantak lotzen zituen trenbidearen plataforma zaharrak okupatutako espazioa lehengoratzea eta hiri-kale bihurtzea da, aldi berean gaur egun Aita Olaetxea Apezpikuaren kalea den BI-739 errepide zaharrarekin lotzeko balioko duena, horrela Serraltako eremura bertara eta BECera sartzeko beste aukera bat eskainiz. Horretarako Serralta futbol-zelairako sarbidea erabiliko da. Halaber proiektuak Andikollano kaleko elkargunearen aldaketa jasotzen du, zirkulazioa antolatzen duen biribilgunea eraikiz.

Horretarako urbanizazio orokorra egingo da eta Serralta zumarkaleko trafikoa eta aparkalekua berrantolatuko dira, egungo elkarguneetako zirkulazioa hobetuz. Kale honek bi errei eta bi aldeetako aparkalekuak, bai lerroan, bai baterian, izango ditu.

Eremu horretarako proiektuak bizikletentzako ibilbide bat eraikitzea ere jasotzen du, Barakaldoko bidegorri-sarearen jarraitutasuna hobetzeko lehendik daudenekin lotuko dena. Gainera Serralta zumarkaleko lurpeko oinezkoentzako pasabidea itxiko da, eta igogailu bat eta eskailera berriak eraikiko dira.

Azkenik, obren ingurumen- eta paisaia-interakzioa lortzeko landareztatzeari ekingo zaio eta, era berean, zuhaitz-landaketa berriak egingo dira. Argiztapena bi altueratako LED argi-puntuak dituzten zutabeekin gaituko da.

Obrak Barakaldoko udalak egingo ditu eta hitzarmenean finkatutako gutxi gorabeherako mugarrien arabera lanak 2026ko lehen seihilekoan esleituko dira; lan horiek 2026ko bigarren seihilekoan hasiko dira eta 2028ko lehen seihilekoan amaituko dira.

Hitzarmena Plentziarekin Txipion

Foru Gobernuaren Kontseiluak, halaber, aste honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Plentziako udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu du, 1.097702,68 euroko foru-ekarpen ekonomikoarekin.

Proiektuaren ardatza BI-2122 errepidearen elkargunea hobetzea da, Plentziako Txipio auzoan. Horretarako 6,5 metroko zabalerako biribilgunea eraikiko da eta bertan bilduko diren bideek 3,5 metroko zabalera izango dute.

Era berean Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako akordioak disuasio-aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten du Metroaren geltokiaren ondoan, egokituz eta 85 plazaraino zabalduz. Oinezkoentzako pasabidea semaforoen bidez erregulatuko da.

BI-3114 errepidearen ondoan bi autobus-geraleku eraikiko dira, bat noranzko bakoitzeko, eta itsasadarraren gaineko pasabidetik abiatzen den bidegorriari jarraipena emango zaio Txipio bideraino, aparkalekua inguratuz.

Argiztapen berria jarriko da VSAP edo LED lanparekin, eta seinaleztapen-, balizamendu- eta defentsa-elementuak instalatuko dira eta kaltetutako eremuak berriz landareztatuko dira eta ingurumena lehengoratuko da.