Barakaldoko (Bizkaia) 200 saltoki eta ostalaritza eta zerbitzu establezimendu inguruk bat egin dute 'Barakaldo Kontsumo Bonoa' kanpainarekin. Egitasmoa asteazken honetan jarri da martxan eta abenduaren 5era arte egongo da indarrean, 42.000 bonu jarriz zirkulazioan.
Kanpaina hirian erroldatutako lagunei zuzenduta dago, eta erosketetan deskontuak izan ahal izango dituzte lokalean bertan NANarekin identifikatuz soilik -zortzi bonu pertsona bakoitzeko-.
"Duela egun batzuk iragarri genuen bezala, helburua barakaldarren fideltasuna bultzatzea eta saritzea da. Gure asmoa da aurten are errazago jartzea, sistema errazago batekin eta informazio elementu berriekin, mundu guztiak etekina ateratzeko aukera izan dezan", azaldu du David Solla Inguralde hiri garapeneko udal sozietateko presidenteak ekimenaren aurkezpenean.
Horrela, kontsumo bonuari buruzko informazioa denbora errealean egongo da eskuragarri eta eguneratuta bonobarakaldo.inguralde.eus webean. Orri horretan, atxikitako lokalen zerrenda, mapa interaktibo batean duten kokapena eta, berritasun bezala, lokal bakoitzean une bakoitzean eskuragarri dauden bonuen kopurua kontsultatu ahal izango dira.
Gainera, kanpainarekin bat egin duten establezimenduak kartel batekin identifikatuta egongo dira eta QR kode bat izango dute, informazio horretarako esteka duena.
Era berean, asteazkeh honetan bertan zabalkunde kanpaina jarriko da martxan hedabide, sare sozial eta kanpoko euskarrietan, Barakaldoko herritar guztiengana iristeko helburuarekin.