Astelehen honetan goizean, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketa inauguratu du, Amaia Apraiz eta Asier Romero Andonegi komisarioekin batera. Erakusketa ikusgai egongo da datorren irailaren 27ra arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoan.

Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez, "Orain arte, itsas historia gizonezkoen begiradatik baino ez da kontatu. Protagonismoa arrantzalearen irudian oinarritu da, eta bigarren maila batean utzi du, emakumeen ekarpena erabat ikusezin bihurtzen ez badu ere. Hala ere, emakumearen figura funtsezkoa izan da sektore honetan ere. Hori dela eta, ez dago Arrantzaleen Museoa baino leku hoberik itsas historiaren ikuspegi femeninoa jasotzeko."

Itsas historiak, tradizioz, arrantzalearen figura izan du ardatz, baina erakusketa honek itsas historiari buruzko beste begirada bat proposatzen du, emakumeen funtsezko lana aldarrikatzeko, haiek ere, askotariko zereginen bidez, arrantza-industria ahalbidetu eta hari eutsi baitzioten. XX. mendean portuak modernizatu eta kontserbagintza industrializatu zen, eta, testuinguru horretan, emakumeek askotariko zereginak bete zituzten. Neskatilak eta saregile, kontserbagintzako langile, paketatzaile eta armadore emakumezkoak funtsezkoak dira ekoizpen-katean eta kostaldeko bizitzan.

Eguneroko objektuen bidez -orratzak, sareak, saskiak eta etiketak-, erakusketak narratiba historiko oso bat berreskuratu du, eta ikusgai jarri du tradizioz isilarazi egin den ezinbesteko eskulanaren memoria.

Aretoaren erdiguneari agora baten itxura eman zaio, eta protagonista ikusezin horien ahotsak eta esperientziak entzutera gonbidatzen gaitu; erdi-erdian instalazio bat dago, «lan-korro» bat irudikatzen duena aulkiz inguratutako sare-pila baten bidez, portuko jarduera eta talde-elkarrizketak gogora ekartzen dituen soinu-giro sotil batekin batera.

Erakusketa arrantza-industriaren balio-katea islatzen duten sei atal handitan egituratzen da: itsasertza eta itxaronaldia, sare eta belen mantentze lanak, portuko logistika, kontserba-fabriketako eraldaketa industriala, kudeaketa ekonomikoa eta familiaren ondarea. Fase horietako bakoitzean, emakumeen zeregina biziraupenerako eta itsas jardueraren garapenerako funtsezko motor gisa erakusten da.

Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketak gonbita egiten digu emakumeek eraikitako kultura-ondareari balioa emateko eta haien ahalegina eta erresilientzia aitortzeko. Erakusketa Arrantzaleen Museoan egongo da zabalik irailaren 27ra arte, eta aukera emango dio jendeari emakumeek itsasoaren eremuan ere duten zeregin garrantzitsua kontatzen duten istorio eta objektu horiek ezagutzeko.

Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean

«Itsasoa ez da arrantzatzea bakarrik; kudeatzea, konpontzea, saltzea, eraldatzea eta itxarotea ere bada». Tradizioz, itsas historia arrantzaren eta nabigazioaren ikuspegitik kontatu izan da, eta arrantzalea izan da protagonista ia bakarra. Ikuspegi horrek, funtsezkoa izanik ere, ikusezin bihurtu ditu lehorrean eta fabriketan arrantza-industriari eutsi zioten eta hura antolatu eta ahalbidetu zuten emakumeak. XX. mendean, portuak modernizatu eta kontserbagintza industrializatu zen garaian, emakumearen zeregina areagotu egin zen: neskatilen, saregileen, kontserbagintzako langileen eta paketatzaileen lan fisikotik hasi eta enpresaburuen eta saltzaileen kudeaketa ekonomikoraino. Erakusketa honen helburua da «kultura-ondaretzat» oso gutxitan jo izan den lan hori aldarrikatzea; neurri handi batean eskuzkoa, fisikoa eta errepikakorra izan den lana. Eguneroko objektuen memoriaren bidez -orratzak, sareak, saskiak, etiketak-, zeinak lan-bizitza horien lekukotza material bakarra baitira, narratiba historiko oso bat berreskuratzen da, eta erakusten da emakumeak izan zirela benetako «olatuaren enbata»: industriak mareen, absentzien eta krisien aurrean bizirik irautea ziurtatzen zuen indar jarraitu eta erresilientea.

Jarduerak

Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketaren inguruko programazioaren barruan, honako hauek eskainiko dira: bisita gidatuak erakusketako komisarioen eskutik, bisita gidatu berezia bertsolariekin, Ane Zulaikaren Emakumeak blai film laburraren proiekzioa (euskal emakumeen itsasoarekiko harremana erakusten du) eta emakume horien lanbideei eta eginkizunei buruzko hitzaldiak eta mahai-ingurua. Laster emango da jarduera horien berri.