Síguenos en redes sociales:

Kaleko bizitza eta tokiko merkataritzaren balioa aldarrikatzeko kanpaina hasi du Jaurlaritzak

Kanpainaren arduradunek adierazi dutenez, ekimenaren abiapuntua 'kalea falta zaizu' esamolde ezaguna da

Kaleko bizitza eta tokiko merkataritzaren balioa aldarrikatzeko kanpaina hasi du JaurlaritzakIrekia

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 'Kalea falta zaizu' kanpaina berria jarri du martxan, hiriko bizitzarekin berriro konektatzera eta tokiko merkataritzak hurbiltasun, nortasun eta komunitatearen eragile gisa duen gizarte kohesioaren balioa berraurkitzera gonbidatzeko.

Kanpainaren arduradunek adierazi dutenez, ekimenaren abiapuntua 'kalea falta zaizu' esamolde ezaguna da, baina esanahi berriarekin: kaleetara itzultzeko deia, benetako harremanak berreskuratzekoa eta tokiko merkataritzak Euskadiko eguneroko bizitzan duen funtzioa baloratzekoa.

Kanpainak "egoteaz hitz egiten du, ez kontsumoaz". "Tonu probokatzaile, fresko eta urbanoa" du, eta ez da soilik erosketa sustatzean oinarritzen, "pantailatik kanpo gertatzen den bizitzan parte hartzera" gonbidatzen baitu, "auzoetan, konfiantzazko dendetan eta Euskadiren esentziari eusten dioten keinu txikietan".

"Hala, tokiko merkataritza bizi eta erlazionatzen garen moduaren topagune eta isla da. Horrek mantentzen du inongo teknologiak ordezkatu ezin duen giza tratua, konfiantza eta benetakotasuna. Tokiko merkataritza babestea gaur egungo jarrera da, hil ala bizikoa, eta beharrezkoa", adierazi dute.

Kanpainaren nortasun bisualak mezu nagusia indartzen du: "Dena hemen gertatzen da, gure kaleetan, gure auzoetan". Elementu grafiko bakoitza Euskadiren bereizgarri den lurraldearekiko eta aniztasunarekiko lotura adierazteko pentsatuta dago.

Lokalizatzailearen sinboloa konposizioaren ardatz eta presentzia adierazpen bilakatzen da; "ez du mapa digitala apuntatzen, egunero zapaltzen dugun lurralde erreala baizik, gure hiriei bizia ematen dieten pertsona, istorio eta dendak gurutzatzen diren espazioa".