Síguenos en redes sociales:

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontua % 4 igo da

Aurrekontu Orokorren Proiektua 11.320,3 milioi eurokoa da, eta horietatik 2.249,2 milioi foru erakundeak erabiliko dituen kontuak dira

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontua % 4 igo daBFA

Bizkaiko Foru Aldundiak 2026ko ekitaldirako Bizkaiko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren proiektua onartu du, zeinak, guztira, 11.320,3 milioi euroko diru-sarrerak eta gastuak jasotzen baititu Zenbateko horrek 659,5 milioi euroan gehitu du 2025 ekitaldiko aurrekontua; hau da, % 6,19ko hazkundea dago.

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak aurkeztu du Batzar Nagusietan orain izapidetzen hasiko den aurrekontu-proiektua; Etxanobek azpimarratu du aurrekontuak Bizkaiko herritarrentzako zerbitzu publikoen kalitatea indartu eta blindatzen duela: "Finantzazio gaitasun handiena erabiliko dugu zainketak, errepideak, Bizkaibus, metroa, suhiltzaile eta larrialdi zerbitzua, ingurumena hobetzen jarraitzeko. Kalitatezko zerbitzu publikoak, gizarte-kohesioa eta lurralde-kohesioa indartzeko. Bizkaia osoko pertsona guztiok aukera berdinak izan ditzagun, beraz, aurrekontu honek inbertsio orekatuak ditu eskualde guztietan".

Gastu sozialari dagokionez, Ahaldun Nagusiak honako hau azpimarratu du: "2026an Aldundiak bere baliabideen erdia gastu sozialera bideratuko du. 40 milioi euro gehiago, 855 milioi eurora iritsi arte, mendekotasuna duten pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak eta haurrak artatzeko; emakumeen eta gizonen berdintasunerantz aurrera egiteko; nahi ez den bizitza-luzerari edo bakardadeari heltzeko, edo gizarteratzeko"-gainera- "2026an gizarte-gastuan izango den igoera % 4,7koa izango da urte honekin alderatuta, eta batez beste 742 euro bideratuko dira biztanle bakoitzeko".

Elixabete Etxanobek bigarren mezu bat zabaldu du: "Zerbitzu publikoak blindatzeaz gain, Bizkaiarentzat etorkizun ona eraikitzeko balio du aurrekontu honek. Kontu handiz begiratzen diegu aurreikuspenei, nazioarteko panoramaren ziurgabetasunak direla eta.. Beraz, aurrekontu-igoera baliatuko dugu Bizkaiko etorkizun ekonomikoa eta enpleguaren etorkizuna sendotzeko. Seriotasuna eta zorroztasuna gastuan eta ideia argiak inbertsioan".

Diru-sarrerak

Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzen foru diputatuak aurrekontu-proiektuaren kontu nagusiak banakatu ditu, diru-sarreren gehikuntzatik hasita. 2026ko ekitaldirako aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta, gehikuntza horrek 10.950,4 milioi euroko zenbatekoa ezartzen du, zerga itunduengatik bildutako kopuruaren aurrekontu gisa; alegia, 2025eko aurrekontuan ezarritako zenbatekoa baino % 6,58 gehiago.

Diru-sarreren kapitulu honetan, zerga itunduen aurreikuspena finantzaketaren % 96,7 da; datorren ekitaldirako, berriz, Bizkaiak diru- sarrera propioen bilketa 187 milioi eurokoa izango dela aurreikusi du eta 182,7 milioi euroko zor jaulkipena, aurtengo antzeko kopurua.

Konprometitutako gastuak

Gastuen atalean, handitu egin dira konpromiso instituzionalen partida guztiak, 2025. urtearekin alderatuta; guztira, 9.071 milioi euro (+%6,89). Nabarmentzekoak dira Eusko Jaurlaritzari egindako 7.147,5 miloi euroko ekarpena, kupoari dagozkion 675 milioiak eta Bizkaiko 113 udalerriak finantzatzera bideratutako 1.238 milioiak, hau da, iazko ekitaldian baino 67,8 milioi gehiago.

Langile-gastuetarako partida % 3,0 handitu da, eta Foru Aldundiak % 0,2 murriztu du zor publikoa amortizatzeko zenbatekoa. Konprometitutako gastuak 659,5 milioi eurotik gora gehitu dira, 2025eko ekitaldiarekin alderatuta.

Sailen erabilgarria

Gastuen atalean, 2.249,2 milioi euroko aurrekontua izango du Foru Aldundiak ( 2025eko ekitaldiarekin alderatuta, 75 milioi gehiago) behin ekarpen edo konpromiso instituzionalak kontabilizatuta. Horri kentzen badizkiogu langile-gastuak, zorra eta ordainketa globaleko kreditua, sailek erabilgarri izango dutenaren gehikuntza % 3,9koa izango da; beraz, 1.716,2 milioi euro, hots, aurreko ekitaldian baino 64,4 milioi gehiago.

Ohikoa denez, gastu sozialak du pisurik handiena aurrekontu-proiektuan, 855 milioi guztira, honela banatuta: 767 milioi euro Gizarte Ekintza Sailarentzat eta 88 milioi Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailarentzat.

Bederatzi sailen artean banatutako aurrekontu honetan, nabarmendu behar dira Bizkaiko lurraldeen arteko oreka sendotzeko inbertsioak ere; zehazki, 251 milioi euro bideratuko dira azpiegituretarako eta lurralde-garapenerako, eta 221 milioi euro, berriz, garraioetarako, mugikortasunerako eta turismorako. Orobat, azpimarratu beharrekoa da jarduera ekonomikoari, ekintzailetzari edo berrikuntzari emango zaien bultzada, 81,4 milioi eurorekin, edo lehen sektorearen alde egingo den apustua, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari esleitutako 79 milioi euroei esker.

Datorren ostegunetik aurrera, foru-diputatuak hasiko dira beren sailetako aurrekontuen edukia azaltzen - bakoitza berea- Batzar Nagusietan sail bakoitzerako egingo den informazio-batzordean. Aurreikuspenen arabera, abenduaren amaieran egingo da aurrekontua onartzeko osoko bilkura.