Bizkaiak abeltzaintzako kontzentrazioak eten ditu dermatosi nodularra prebenitzeko
Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu, azaroaren 30era arte, abeltzaintza-azoka eta -kontzentrazio guztiak, txakurrenak eta katuenak izan ezik
Bizkaiko Foru Aldundiak neurriak hartu ditu dermatosi nodular kutsakorraren hedapena prebenitzeko. Momentuz, aldi baterako eteten ditu lurraldeko abeltzaintzako azoka eta kontzentrazio guztiak, txakurrekin eta katuekin lotutako jardueren kasuan izan ezik. Sektorearekin egindako bilera baten ondoren adostu den erabaki honen helburua Bizkaiko behi-azienda babestea da.
Azken asteetan dermatosi nodularraren 17 foku atzeman dira Katalunian, eta, ondorioz, Kantabriak, Asturiasek eta Nafarroak antzeko murrizketak ezartzea erabaki dute. Egoera honetan Bizkaiko Foru Aldundiak egokitzat jotzen du prebentziozko etete bat aplikatzea; etete honek, hasiera batean, azaroaren 30era arte iraungo du eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera luzatu ahal izango da.
Gaur, Aldundiak deituta, bilera informatibo bat egin da abeltzaintza-elkarteekin, ENBA eta EHNE nekazaritza-sindikatuekin, LORRA kudeaketa-zentroarekin eta ustiategiko albaitariekin, ekintzak koordinatzeko eta sektoreko zalantzak argitzeko.
Neurriak abereen azoka, lehiaketa, ekitaldi eta ganaduen parte-hartzea duten herri kiroletako proba guztiei eragingo die, besteak beste, Zamudioko Limousin arrazako Euskadiko Txapelketari eta Zugaztietako Tokiko Abeltzaintza Azokari; azken hauek baimena ematen duen jakinarazpen berrira arte atzeratu beharko dira. Halaber abereen mugimenduak kontrolatzeko neurriak hartu dira, ganaduen garraioen mugimenduen zaintza eta desinfekzioa indartuz.
Zer da dermatosi nodular kutsakorra?
Dermatosi nodular kutsakorra behi-aziendari eragiten dion gaixotasun birikoa da. Intsektuen ziztadagatik transmititzen da batez ere, eta noduluak sortzen ditu azalean, sukarra eta produkzio-jaitsiera eraginez. Ez dio inolako arriskurik eragiten giza osasunari eta ez dio eragiten animalia-jatorriko produktuen kontsumoari.