Zuzeneko zergen bilketak aurreko hiletako joera ona mantendu du eta zerga horien bidez 4.114,4 milioi euro bildu dira, hau da, aurreko urteko irailera arte baino % 5,2 gehiago (201,7 milioi euro gehiago). Kapitulu honetan, PFEZa oro har % 8,2 hazi da (2.989,0 milioi euro bildu dira), eta nabarmentzekoa nolako hazkundeak izan diren lan-atxikipenetan (% 6,4) eta kapital higigarriaren gaineko atxikipenetan (% 7,7). Ostera, sozietateen gaineko zergaren bidez % 18,4 gutxiago bildu da (159,7 milioi gutxiago) zergaren kuota diferentzialaren beherakadaren ondorioz. Horrek aurreko hileko datu metatuak berresten ditu.

Gainerako zerga-kontzeptuetan bilakaera positiboa egon da: ondarearen gaineko zergaren bidez % 23,7 gehiago bildu da (22,9 milioi euro gehiago), oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren bidez % 58,9 gehiago (33,5 milioi gehiago) eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren bidez % 22,6 gehiago (23,6 milioi gehiago).

Zeharkako zergen bidez 3.126,6 milioi euro bildu dira, 2024ko aldi berean baino % 12,8 gehiago. Hirugarren hiruhilekoko doikuntza datorren hilean egingo da.Bien bitartean, zeharkako bi zerga nagusien bilketak gora egin du: BEZarenak % 16,3 (341,6 milioi) eta hidrokarburoen gaineko zerga bereziarenak % 5,1 (32,8 milioi).

Zeharkako beste zerga batzuek ere gora egin dute: elektrizitatearen gaineko zergarenak % 72,3, ondare eskualdaketen gaineko zergarenak % 30,0 eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarenak % 24,5. Ostera, behera egin dute garagardoaren gaineko zerga bereziaren bilketak (% 18,8 gutxiago), alkoholen gaineko zergarenak (% 10,6 gutxiago) eta garraiobide jakin batzuen gaineko zergarenak (% 25,2 gutxiago).

Tasak eta beste diru-sarrerak 45,3 milioi euro izan dira, 2024ko aldi berean baino % 10,2 gutxiago. Horrela, kudeaketa propioko zerga itunduen bidez 7.286,4 milioi euro bildu dira guztira, hau da, % 8,2 gehiago.

Kudeaketa propioko zergen bidez bildutakoari zerga bereziengatik eta berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergarengatik Estatuarekin egindako doikuntzak gehitu behar zaizkio: -120,2 milioi eta 0,2 milioi hurrenez hurren.

Beraz, zerga itunduen bidez aurreko ekitaldian baino % 9,3 gehiago bildu da: 670,7 milioi euro gehiago.