Getxoko TikiToki Zentroa eta Bilboko BAT Dorrea izango dira Sail Inn Pro foroaren seigarren edizioaren egoitzak. Hilaren azken astean, konkretuki urriaren 28an eta 29an, ospatuko da.

Ekimenak nautikako eta itsas-berrikuntzako erreferentziazko foro gisa eta ekonomia urdinak eskaintzen dituen erronka eta aukera handiak aztertzeko funtsezko gune gisa finkatzea lortu du.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren laguntzarekin foroa ezinbesteko topagune bihurtu da ezagutza teknologikoa, industria-gaitasuna eta ikuspegi estrategikoa konektatzeko. Helburua industria nautikoaren trantsizioa bizkortzea da, eredu jasangarriagora, digitalagora eta lehiakorragora bideratuz, eta, aldi berean, nazioko eta nazioarteko erreferente gisa Bizkaiak itsas-berrikuntzan duen posizioa indartzea.

Nautikaren eta itsasoaren arloko berrikuntzak aurrekaririk gabeko erritmoan egiten du aurrera industria birdefinitzen ari diren energia-soluzio berriek, sistema autonomoek, material jasangarriek eta negozio-ereduek bultzatuta. Izango dituen bi jardunaldietan Sil Inn Prok sektorearen eraldaketa-ardatz nagusiak jorratuko ditu, energia, mugikortasuna, industria eta ezagutza lotzen dituen zeharkako begirada batetik abiatuta.

Urriaren 28ko inaugurazio-jardunaldia TikiToki Zentroan (Getxo) egingo da, nautika- eta itsas-sektoreko talentua, prestakuntza eta enplegua ardatz hartuta. Egunean zehar arlo nautikoan lanbide-heziketak dituen erronkei eta aukerei, enpresen eta LHko ikastetxeen arteko lankidetzari eta hezkuntza-programetan gaitasun teknologiko eta iraunkor berriak sartzeari buruzko panelak egingo dira. Halaber, itsas-esparruan berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten gradu amaierako lanak eta unibertsitate-ekimenak aurkeztuko dira, baita euren bokazioa proiektu erreal bihurtzea lortu duten profesional gazteen esperientzia inspiratzaileak ere. Jardunaldiari amaiera emateko sektorean talentua erakartzeko eta atxikitzeko erronkei eta etorkizuneko lan-beharrak aurreratzeko enpresa-estrategiei buruzko eztabaida egingo da.

Bigarren egunean, urriaren 29an, BAT Dorreko Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroan (Bilbo), berrikuntza teknologikoa, industria eta inbertsioa izango dira hizpide. Hasteko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak industria-berrikuntzarako eta ekintzailetzarako dituzten tresnak eta zerbitzuak aurkeztuko dira.

Jardunaldian zehar ikerketa aplikatuari eta transferentzia teknologikoari buruzko panel tematikoak egingo dira, euskal zentro teknologikoen eta zentro nazionalen partaidetzarekin; industrializazioa eta sektore arteko lankidetza automozioaren, aeronautikaren eta nautikaren artean, eta bateria- eta karga-sistema berriak. Horietan goraldian dauden teknologiak — LFP, NMC, sodio-ioia —, Europako ekoizpenaren eskalagarritasuna eta portu eta itsasoetan beharrezkoa den azpiegitura aztertuko dira.

Programak teknologia autonomoari eta tripulaziorik gabeko ontziei buruzko eztabaidak ere garatuko ditu, baita haizeak lagundutako propultsioa ere, deskarbonizaziorako bide berri gisa. Foroa inbertsio urdineko ekosistemei buruzko panel batekin osatuko da, eta bertan itsas-eremuko startup teknologikoak finantzatzen espezializatutako funtsek eta venture capital funtsek parte hartuko dute.

"Euskadik ekonomia urdinaren garapena gidatzeko potentzial handia duen ekosistema industrial eta teknologikoa du", azaldu du Urtzi Sagarribay, SAIL INN PRO foroaren sustatzaileak. "Automobilgintza, energia edo fabrikazio aurreratua bezalako sektoreetan metatutako ezagutza aliatu estrategikoa da itsas-sektorearen trantsizioa irtenbide jasangarri, adimentsu eta konektatuagoetara bizkortzeko".

"Ekonomia urdina aukera paregabea da Bizkaiko lehiakortasuna indartzeko. Industria- eta itsas-tradizio oso sendoa dugu, ekosistema teknologiko berritzailea eta jarduera ekonomikoa, enplegua eta ezagutza sortzen jarraitzeko ahalmen handia duen itsasertza.", azpimarratu du Cristina Múgicak, Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendariak. "Foru Aldundiak gure enpresa eta eskualdeentzat ekonomia urdin digitalago, deskarbonizatuago eta konektatuago baterako trantsizioak benetako aukerak izatea nahi du. Horregatik Sail Inn Pro bezalako foroak funtsezkoak dira industria, talentua eta berrikuntza lotzeko eta Bizkaiak itsas-energian, mugikortasun jasangarrian edo itsasoari aplikatutako teknologietan eman dezakeena ikusarazteko. Sektore honek etorkizuna du, eta Bizkaia sektore horretan protagonista izatea nahi dugu."

Amaia Aguirre Getxoko alkateak azpimarratu duenez, "ekitaldi profesional hau Getxoko itsas sektoreko enpresak sustatzearen eta Getxo Itsas Hub ekintzailetza-zentroarekin lerratzearen alde egindako apustuaren barruan kokatzen da, baita horrelako topaketa profesionalei emandako babesaren baitan ere. Hori guztia Foru Aldundiarekin, eragileekin eta hainbat udalekin lankidetzan"

Ponentzia eta eztabaida-mahaiez gain, Sail In Prok networking-guneak eta topaketa estrategikoak eskainiko ditu, enpresen, ekintzaileen, zentro teknologikoen eta eragile publikoen arteko lankidetza bideratuko dutenak. Foroak benetako sinergiak sortu nahi ditu, industria-sarea indartzen eta Bizkaia etorkizuneko nautika- eta itsas-sektorearen ekonomiaren garapenean funtsezko nodo gisa kokatzen lagunduko dutenak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren eta Getxolanen laguntzarekin Sail Inn Pro 2025 Foroa berrikuntza, jasangarritasuna eta sektore arteko lankidetzaren aldeko apustu kolektiboa da, eta funtsezko hitzordu gisa finkatu da nautika- eta itsas-sektorearen etorkizuna definitzen ari diren joerak eta proiektuak ezagutu nahi dituztenentzako.