Euskararen erabilera eta ikaskuntza bultzatzea Amorebieta-Etxanoko Udalaren lehentasunetako bat izanik, aurten ere hiru dirulaguntza-lerro jarri ditu martxan, herrian euskararen presentzia areagotzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, Udalak guztira 14.850,62 euroko aurrekontua bideratu du dirulaguntza horietara.
Lehen lerroa euskara ikasten ari diren herritarrentzako izango da, bigarrena euskararen erabilera sustatzen duten elkarteentzako, eta hirugarrena, berriz, komertzio zein ostalaritza establezimenduetan euskarazko errotuluak, webguneak edo irudi korporatiboa jartzeko dirulaguntzak dira.
Herrian erroldatuta dauden eta ikasturte honetan euskalduntze edo alfabetatze ikastaro batean parte hartu duten 16 urtetik gorako pertsonek eska dezakete dirulaguntza hau. Bai barnetegietan zein HABEk homologatutako euskaltegi publiko edo pribatuetan ikasitakoek izango dute laguntza jasotzeko aukera. Hala ere, ezingo dute dirulaguntza jaso Hizkuntza Eskola Ofizialean, IRALE edo IVAP programetan ikasten dutenek, ezta euren enpresen aldetik finantzaketa jasotzen dutenek ere