Síguenos en redes sociales:

Otsailean irekiko da Markinako saihesbidearen biribilgunearen zati bat

Carlos Alzagak obrak bisitatu ditu gaur

Otsailean irekiko da Markinako saihesbidearen biribilgunearen zati batBFA

Astearte honetan goizean, irailaren 30ean, eskualdeko mugikortasuna, bide segurtasuna eta ingurumen kalitatea hobetzeko funtsezkoa izango den Markina-Xemein eta Etxebarria udalerriak lotuko dituen saihesbidea eraikitzeko lanak bisitatu ditu Carlos Alzagak. Azpiegituretako foru diputatuarekin batera Markina-Xemeingo alkate Iratxe Lasa eta Etxebarriako alkate Jesús Iriondo Lejardi izan dira.

Markina-Xemeingo saihesbidea proiektu estrategikoa da, eta BI-633 eta BI-2636 errepideak lotuko ditu, kilometro bateko trazadura baten bidez gutxi gorabehera, 335 metroko tunel batekin eta bi lotura-biribilgunerekin, hiriguneetako eguneroko joan-etorriaren zati handi bat desbideratzea ahalbidetuko duena. Egun, 5.500 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunean bide horretatik, eta kopuru hori 3.000 inguru murriztuko da saihesbidea martxan jartzen denean, hau da, % 53 gutxiago. Espero da 2026aren amaieran bukatuta egotea obra. Interbiakeko kontseiluak joan den uztailean espedientearen aldaketa bat onartu zuen. Bertan, mota horretako obretan beharrezkoak diren ingurumen neurri konpentsatzaileak, tunelaren egiturari eusteko aldaketak eta bi udalerriak lotuko dituen eta Etxebarrian tunelaren irteerarekin bat datorren ibilbide txiki bat izango duen etorkizuneko bidegorriaren zati bat egitea sartzen dira. Horrela, proiektuak 31,9 milioi euroko inbertsioa izango du azkenean.

Lea Artibaiko azpiegitura berria Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeko lehiakortasuna indartzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren babespean. Azken helburua da eremu horren konektibitatea eta lehiakortasuna indartzea, bertako azpiegiturak hobetuz, herritarrei eta enpresei onuragarri izango zaielako uste osoan.

Une honetan, alde biak lotzeko tunela eta biribilgune biak egitean zentratzen da lanen egitekoa. Ildo horretan, gaur jakin denez, urrian hasiko da Markina-Xemeingo biribilgunea egiteko 2. fasea, zeinaren barruan sartzen baita zoladura jartzea, seinaleztatzea eta ingurunea urbanizatzea. 2026ko otsailetik aurrera funtzionatzen hasiko dela aurreikusten da. Etxebarriko biribilgunea, berriz, datorren urteko martxorako trafikora irekiko dela espero da, eta eraztun osoa eratuko duten egiturak eraikitzeko lanetan jarraitzen dute une honetan.

Proiektu horren elementurik nabarmenena Markina-Xemein eta Etxebarria lotuko dituen tunela da. 335 metro luzeko egitura da; horietatik 290 meatzean egindako indusketari dagozkio. Bisitaldian, indusketa-lanen bilakaera ikusi ahal izan dute. Lanotan, 80 metro zulatu dira marruskagailuz eta atzerako hondeamakinaz: aurrerapen azpimarragarria, terrenoak duen konplexutasun geotekniko handia kontuan hartuta.

Behin amaituta, tunelak noranzko bakoitzeko errei bat izango du, erdibitzaile zabal batez bereiziak, bai eta horrelako egituren berezko instalazioak ere, hala nola LED argiztapena, kontrol- eta komunikazio-sistema eta bideozaintza.

Ingurumenarekiko konpromisoa eta berrikuntza teknologikoa

Hain zuzen ere, jasangarritasunaren alde egitegatik nabarmentzen da obra. Hil honetan, hormigoizko fabrika-obra zahar bat eraitsi da Munibe errekaren gainean; horrek posible egin du errekaren aire zabaleko tarte bat berreskuratzea bioingeniaritzako tekniken bidez. Era berean, konpentsazio-neurriak aplikatu dira, ibaien ingurunean faunaren iragazkortasuna bermatzeko.

Proiektuak barne hartzen ditu, gainera, obretan gero eta ohikoagoak diren beste teknologia batzuen erabilpena, hala nola: kamerak, obrei jarraipena egiteko eta segurtasuna hobetzeko, ingurumen-sentsoreak, zarata eta airearen kalitatea neurtzeko, eta BIM metodologia, bere ustiategiko kudeatzaileei informazio-transferentzia oso eta ordenatua egiten zaiela bermatzeko.

Informazio horri esker, azpiegitura berria egoki integratu ahal izango da Bizkaiko tunelen kudeaketan. Integrazio hori urrian gauzatuko da fisikoki, behin amaitzen direnean mikrozangako obrak, zeinak 17 km-an zehar igarotzen baitira BI-633 errepidetik. Horri esker, zuntz optikoaren bidez zuzenean konektatuko da MKZ kontrol-zentrora.