Joan den ostegunetik, ikusgai dago Durangoko Arte eta Historia Museoan Ros Boisier artista bisualaren erakusketa berritzailea, 'Goren sakona / Lo elevado profundo' izenekoa. Artistak berak eskaini zien inauguraziora bertaratu zirenei bisita gidatu labur bat, erakusketako adigai gakoak azaltzeko.

Erakusketa Leo Simoes komisarioaren gidaritzapean eta Carlos Ojeda-ren soinu-diseinuarekin osatu da. Proiektuak mendien irudikapen fotografikoa eta horren esanahi sinbolikoak aztertzen ditu, Mendebaldeko ikus-artearen tradizioan errotutako arketipoak berrikusteko helburuarekin. Horrela, ikusleari gure paisaiaren pertzepzio kulturala zalantzan jartzeko aukera eskaintzen dio.

Bestalde, Boisierrek ikuspegi irekia eta anitza proposatzen du natur inguruneaz, eta La Araucanía (Txile), Bizkaia eta Asturias eskualdeen arteko elkarrizketa bat iradokitzen du, lurralde horiek guztiak artistarekin harreman pertsonal edo sortzaile bat dutelarik. Igoera, isiltasuna, gelditasuna, errakuntza eta lekukotza bezalako gaiak ardatz hartuta, erakusketak hainbat irakurketa maila eskaintzen ditu.

Proiektuak artistaren irudi sortzaileak eta Gerediaga Elkartea (Durango) zein Muséu del Pueblu d’Asturies-eko (Xixón) artxiboetatik jasotako argazki historikoak elkartzen ditu. Uztarketa honek iraganaren eta orainaren arteko zubia eraikitzen du, eta ikus-entzunezko narrazio poetiko eta esanguratsu bat eskaintzen dio bisitariari.

Paule Sánchez, Kultura zinegotzia eta Astarloa Kulturgintzako presidentak nabarmendu du “Rosen proiektuak erakusten dauenez, artea ez da bakarrik sorkuntza; testuinguru bat sortzeko eta ulermen berriak eraikitzeko tresna ere bada. Ros Boisierrek egindako lanak Durangoko Kultura Politiken norabideagaz bat egiten dau: ikuspegi lokaletik abiatuta, begirada globalak ekartzea eta gure erakunde publikoak elkarrizketa artistiko eta sozialerako gune bihurtzea. Iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko hariak josten ditu, eta Durangon bizi dan kultura dinamismoa eta irekitasuna islatu”.

Durangoko Arte eta Historia Museoak herritarrak erakusketaren inaugurazioan parte hartzera gonbidatzen ditu, erakusketaren edertasun estetikoaz harago, paisaia nola bizi, gogoratu eta irudikatzen dugun hausnartzera bultzatzen duen esperientzia pertsonal eta partekatuan murgiltzera.