Síguenos en redes sociales:

Lau estreinaldi eskainiko ditu aste honetan Ermua Antzokiak

Proiekzioak ostegunean hasiko dira zineklub saioarekin

Astero bezala, Ermua Antzokiak lau film proiektatuko ditu ostegun honetatik igandera bitartean. Aste honetako tituluak 'Condenados' film daniarra, 'Romería' zinta komertziala, Jay Roachek zuzendutako 'Los Roses' eta umeentzako 'Heidi. Katamotzaren erreskatea' izango dira.

Esan bezala, proiekzioak ostegunean hasiko dira zineklub saioarekin. Bertan, ‘Condenados’ zinta daniarra ikusi ahal izango dugu jatorrizko bertsioan, azpitituluekin (JBA), 20:30etatik aurrera. Gustav Möllerrek zuzendutako thriller honek kartzelako drama bat kontatzen du. Filmak 100 minutu irauten du, eta Evaren istorioa dakarkigu. Eva espetxeetako funtzionario idealista samarra da, eta bere bizitzaren dilemari aurre egin behar dio iraganean ezagutu zuen gaztea lan egiten duen espetxean sartzen denean.

Zinema komertzialari dagokionez, bi proposamen izango ditugu. Lehenengoa, ‘Romería’ film luzea, Carla Simonek zuzendutako ekoizpen espainiarra. 80ko hamarkadako nerabezaroa, familia, drogak eta HIESa jorratzen dituen drama da. Marinaren istorioa da, zeinak Vigora bidaiatzen duen bere aita biologikoaren familia ezagutzera. Aita hiesak jota hil zen, ama bezala, bera oso txikia zela. Osaba-izebekin eta amonekin egiten dituen topaketen bidez, neska gaztea gurasoen bizitza sakonkiago ezagutzen saiatuko da. Film hau Canneseko Zinemaldian aurkeztu da. Larunbatean 19:30ean eta asteleheneko -hilaren 29ko- 20:30ean ikusi ahal izango dugu, hurrenez hurren.

Asteko bigarren film komertziala ‘Los Roses’ izango da, Jay Roachek zuzendutako bi orduko luzemetraia britainiarra. Komedia beltza da, familiari buruzko remake bat. Filmak Ivy eta Theok osatzen duten bikote perfektuarentzat bizitza erraza dirudiela kontatzen du: karrera arrakastatsuak, senar-emazte zoriontsuak eta seme-alaba bikainak. Baina bere ustezko bizitza idealaren fatxadaren atzean ekaitza dago. Larunbat gaueko 10etan eta igande arratsaldeko 7 eta erdietan ikusi ahal izango dugu.

Azkenik, haur eta familientzako gazteen saioan, ‘Heidi. Katamotzaren erreskatea’. Suitzako Alpeetan, Heidi pozik bizi da bere aitonarekin, naturaz eta mendiko askatasunaz gozatuz. Uda kostaldean igarotzeko gonbidapena jasotzen duenean, abenturaren emozioak liluratu egiten du, baina dena aldatzen da katamotz zauritu bat aurkitzen duenean. 78 minutuko abentura.