Durangoko Txosna Batzordeak musika eta kultura uztartzen dituen San Fausto jaietako egitarau zabala aurkeztu du gaur arratsaldean. Hilabeteetan zehar herriko hainbat eragiletako kideekin elkarlanean aritu ondoren, batzordeak programazio parte-hartzaile bat prestatu du, eta jakinarazi duenez, egitaraua urriaren 10ean hasiko da, Santa Anatik Txosnaguneraino egingo den kalejira batekin, Gautxori txarangaren eskutik. Ondoren, Kaletik Gaztetxera asanbladak txupinazoa botako du, “bereziki azken urte honetan egindako borroka aldarrikatzeko”.
Musika eskaintzari dagokionez, txosnagunera hurbilduko direnek estilo askotako taldeak entzun ahalko dituzte. Izan ere, ostiralean Reder, Nekktar, Zeker eta DJ Usu eta Ipi arituko dira; urriaren 11n, larunbatean, Euskoprincess, Tatta & Denso eta La Fulana; eta lehen asteburuari amaiera emateko Sol Band talde palestinarra, Bart Sax eta DJ Maratoia izango dira txosnaguneko eszenatokian. Bigarren asteburuko ostiralean, Odei, Streetwise eta Les Testarudes izango dira, eta jaiei amaiera emateko, larunbatean, Maruxak eta Akerbeltz.
Gauzak horrela, musikaren bolumena azken urteetan eztabaidagai izan dela kontuan hartuta, batzordea osatzen duten eragileek txosnagunearen ordutegia ere ezagutarazi dute. Adierazi dutenez, Durangoko Udala txosnen itxiera aurreratzen saiatu da beste behin. Hala ere, "herritarren mobilizazioari eta sinadura bilketari esker, txosnen ohiko ordutegiari eustea lortu dugu, eta, beraz, txosnak goizeko 06.00ak arte egongo dira zabalik“, azaldu dute pozik. “Eskerrak eman nahi dizkiegu gure alde agertu zareten durangar eta elkarte guztiei”, gaineratu dute eragileek.
Palestinar herriarekin elkartasunez
Eguneko ekintzei dagokienez, batzordeak betiko jarduerak mantendu ditu programazioan: gazte eguna, paella txapelketa, erreka jaitsiera, tortilla txapelketa, mozorro eguneko desfilea, eta Etxera eguna, besteak beste. Ekintza horiekin batera, Palestinar herriarekin elkartasun eguna eskainiko du aurtengo egitarauak, Israel estatuaren eskutik pairatzen ari den genozidioa salatzeko. “Israelekin harremana duten enpresen produkturik ez erabiltzea lortu ez dugun arren, hurrengo urteetan bide horretan lanean jarraituko dugu”, azaldu du batzordeak.
“Heldu zein gazte, durangar edo ez, guztiak zarete ongietorriak Durangoko txosnagunean”, adierazi du Txosna Batzordeak, txosnagunea espazio segurua izan dezan protokolo bat martxan jarriko dutela azalduz eta inolako jarrera arrazista, sexista ez LGTBI-fobikorik ez direla onartuko gogoratuz.