Urriaren 10etik 19ra bitartean ospatuko diren Durangoko San Fausto 2025 jaiek badute egitaraua. Urtero bezala, adin eta gustu guztietarako jarduerak biltzen dituen programazioa prestatu egin du Udalak, udalerriko elkarte eta talde ugarirekin elkarlanean. Urtero bezala musika, antzerkia, kirolak, herri-kultura, familia jarduerak eta auzoetan banatutako ekitaldiak izango dira protagonista.

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek azpimarratu duenez, “San Fausto jaiak Durangoko bizitzaren une garrantzitsuak dira, gure herriaren nortasuna adierazten duten egunak. Aurtengo egitaraua askotarikoa eta irekia da, auzo guztietan jarduerak eskainiko dira, adin guztietako jendearentzat, eta bertako talentua bultzatzeko apustua egin dugu. Festa parte-hartzaile eta seguruak nahi ditugu, denok gure tokia aurkitzeko modukoak".

Jesica Ruiz, Jaietako zinegotziak nabarmendu duenez, “Egitaraua herriko talde, elkarte eta gazteekin elkarlanean antolatu dugu, eta Durangoko kultur aberastasuna agerian uzten du. Kontzertuak, umeentzako ekitaldiak, erromeriak, antzerkia... herriko auzo guztietan ospakizunak egongo dira, festa giroan elkarbizitza bultzatuz. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu jai hauek posible egiten dituzten boluntario eta talde guztiei".

Gainera, jaiak espazio seguru eta errespetuzkoak izan behar direla gogorarazi du: “Jaietan ondo pasatzea garrantzitsua da, baina elkar errespetatzea ere bai. Ez dugu indarkeriarik onartuko, eta denon ardura da giro seguru eta parekidea bermatzea".

Musika eskaintza zabala: estilo eta adin guztientzat

Musika arloan, Euskal Herriko eta Estatuko talde ezagunak izango dira Durangon, bertako artistekin batera. Urriaren 10ean Bulego taldeak emango dio hasiera programazioari. Urriaren 11n, Gazte Foroaren ekimenez, Kaparrak, Sukena eta DJ Kene ariko dira, gazteek hautatutako artistak.

Urriaren 17an Gatibu taldeak kontzertu berezia eskainiko du, bere agur-biraren baitan. Beste hainbat emanaldi ere izango dira: urriaren 10ean Errota taldearen erromeria eta Tabira Musika Bandaren jarduna; eta aurten lehen aldiz, udal musika bandak txupinazoan parte hartuko du. Urriaren 11n Aldakan taldearen erritmo nahasketak eta La 5ª Reservaren pop doinuak entzungo dira; 12an, Sergio Torrado eta Gorka Pérez; eta 13an, Swintronicsen swing elektronikoa. Urriaren 17an umeentzako Txiki Rock saioa izango da, eta urriaren 19an Zinema Paradise, zinema musikaren klasikoak gogora ekarriz.

Euskara, tradizioa eta kultura herrikoia

Aurten ere, jaiek izaera herrikoi eta tradizionala izango dute, gure ohituretan eta kulturan oinarrituta. Euskal kantuen saioak izango dira Josepa Kalez Kale eta Egundoiren eskutik, eta Taberna Ibiltariaren parte-hartzearekin. Euskal dantzak Patxi eta Konpainia taldearen eskutik iritsiko dira, eta lehen mailako bertso-saioa ere izango da: Irune Basagoiti, Unai Iturriaga, Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeitia eta Miren Artetxe bertsolariak ariko dira, Maite Berriozabal gai-jartzaile gisa.

Urriaren 18an, Luhartz taldeak bi emanaldi eskainiko ditu; goizean musika saioa eskainiko du eta gauean erromeria izango da. Herri kirolak ere izango dira egitarauan, urtero bezala.

Gazte eta haurrentzako eskaintza berezia

Gazteek hainbat jardueretan parte hartzeko aukera izango dute; besteak beste, freestyle tailerrak eta erakustaldiak Patin Gunean, skate tailerrak Ezkurdi plazan, jolas tradizionalak, hainbat txapelketa eta belaunaldien arteko tailer interaktiboak, Zureskuren eskutik. Umeek ere jarduera ugari izango dituzte, hala nola puzgarriak, tailerrak, poney eta zaldi ibilaldiak, eta Bermeoko KIETB konpartsako erraldoi txikiak Umeen Egunean.

Auzoek ere jaiaz gozatzeko aukera izango dute

Aurtengo berrikuntzetako bat auzoetan antolatutako jardueren kopurua handitzea da. San Fauston tailerrak, puzgarriak, musika urbanoa eta gastronomia jarduerak egongo dira, baita pintura lehiaketa ere. Tabiran, gazteentzako jokoak eta arku tiroa, eta zaldi-ibilaldiak. Muruetatorren Bitsa Jaia, txokolatada eta dantza-saioak; Otamotzenan makillaje tailerra eta antzerkia; eta Madalenan, Chaman Orkestra-ren kontzertua eta herri kirol parte-hartzaileak, auzoko elkarteak antolatuta.

Antzerkia eta kaleko ikuskizunak

Egitarauan ez da antzerkia eta kaleko artea faltako. Markeliñe konpainiaren “Crusoe” ikuskizuna berriz ikusgai izango da Aurora Abasolo parkean. “El Laberint” izeneko instalazio interaktiboa, material birziklatuekin egina, ikusgai izango da. Gainera, Paki Payaren “Shake Shake” zirko eta akrobazien ikuskizuna eta Rojo Telón taldearen clown eta aireko akrobaziak Otamotzenan izango dira.

Egun bereziak eta herri ekitaldi klasikoak

Urriaren 11n Sukalki Eguna ospatuko da. Urriaren 12an, Umeen Eguna eta adinekoentzako bazkaria egingo dira. Urriaren 18an, berriz, tortilla-lehiaketa izango da.

Elkarte eta kirol ekimen berriak

Durangoko elkarteek eta kirol taldeek ere jaietan parte hartuko dute, eta hainbat ekitaldi berri antolatu dira: Emakumeen Xake Txapelketa, Durangoko Xake Open Aktiboa, Sapubike elkartearen familian bizikletaz egiteko irteera “Durangoko bidegorria ezagutu”, Tabirako Alaik jokatuko duen San Fausto Opening partida berezia, eta Bizkaiko lehenengo RAUS Autonomikoa izango den arkuko tiro txapelketa. Horrez gain, herriko hainbat elkartek antolatutako jarduera ugari izango dira, modu altruistan.

Durangoko elkarteek eta kirol taldeek ere jaietan parte hartuko dute, eta aurtengo egitarauan ekitaldi berriak gehitu dira. Besteak beste, Emakumeen Xake Txapelketa eta Durangoko Xake Open Aktiboa jokatuko dira. Sapubike elkarteak familian bizikletaz egiteko irteera antolatu du, “Durangoko bidegorria ezagutu” izenekoa. Tabirako Alaik, berriz, San Fausto Opening izeneko partida berezia jokatuko du, eta arku tiro txapelketaren lehenengo RAUS Autonomikoa ere egingo da Bizkaian. Horrez gain, herriko elkarte askok jarduera ugari antolatuko dituzte, guztia modu boluntarioan eta herritarren gozamenerako.

Urteurren bereziak 2025ean

Aurten urteurren bereziak ospatuko dira, eta jarduera hauen bidez urte luzez Durangon erreferente izan diren eta herriari egin dioten ekarpena balioetsi nahi da. Errotari Mikologia Elkarteak antolatutako Mikologia Erakusketa 25. aldiz egingo da, eta ibilbide luze horri esker, herritarren artean naturarekiko jakin-mina eta ezagutza sustatzen jarraitu du. Durangaldeko Artisten Elkarteak aurkeztuko duen “Durango Uria” erakusketa ere bere 25. ediziora iritsiko da, tokiko sorkuntza artistikoari ikusgarritasuna ematen dioten ekimenetako bat izanik. Bestalde, Silboberri elkartearen Txistu Kontzertuak 30. urteurrena ospatuko du Landako Gunean, eta zesta puntaren arloan, Zesta Punta Eskolak antolatutako txapelketak aurten 40. edizioa beteko du, kirol honen presentzia bizirik mantenduz.