Mexiko eta Bizkaia batzen dituen 'Bi munduren artean ehundutako bizitza' izeneko erakusketa ikus daiteke dagoeneko Balmasedan, zehazki La Encartada Fabrika-Museoan. Erakusketa honek Santos López de Letona Apoita enpresaburuaren heriotzaren mendeurrena omentzen du.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, erakusketa honek "aurrerapenaren eta ekintzailetzaren konplexutasunaz eta mugez gogoeta egitera gonbidatzen gaitu". Era berean, "lehen aldiz emaztea enpresariaren arrakastarako giltzarri gisa" txertatzen duen erakusketaren "ikuspegi inklusiboa eta konprometitua" nabarmendu du.

Erakusketak —Mexikoko hainbat erakunderekin lankidetzan antolatua, hala nola Puebla Estatuko Notariotzen Artxiboarekin— bi kontinenteren arteko zubiak - errealak zein sinbolikoak- eraiki zituen gizon baten bizitzaren ibilbide ezagutugabea trazatzen du. Aberastutako indianoaren estereotipotik urrun, López de Letona inbertitzaile ausarta, etorkizun-seneko enpresaburua eta Pueblako eta Bilboko hiri- eta industria-garapenaren funtsezko eragilea izan zen.

Legatu transatlantikoa

1862an Zeanuri jaioterritik Mexikora emigratu ondoren, Santos López de Letona Pueblako elitean integratu zen, Josefa Gómez de Rueda y de la Fuente andrearekin ezkontzeari esker. Han aparteko aztarna utzi zuen hiriko arkitekturan, industrian eta hirigintzan. Bizkaira itzuli zenean, aktiboki parte hartu zuen Bilboko Zabalgunearen diseinuan, eta Bizkaia Zubiaren finantza-sustatzaile nagusia izan zen, zeina UNESCOk 2006an munduko ondare izendatu baitzuen.

Haren espiritu berritzailea ehungintzaren aldeko apustuan ere islatu zen: La Josefina sortu zuen, Usansolon, zeina oraindik martxan baita, eta La Encartada SA, Balmasedan, zeina gaur egun erreferente baita Europako industria-museoen artean.

Begirada intimoa eta diziplina anitzekoa

'Bi munduren artean ehundutako bizitza' enpresaburu ausart baten lorpenak azaltzetik harago doa. Notario-dokumentuen, argazki historikoen eta jatorrizko piezen bidez, López de Letonaren alderik gizatiarrena eta polifazetikoena azaltzen du erakusketak: familia- eta gizarte-bizitza, berrikuntza teknikoarekiko konpromisoa, hiri-ikuspegia eta aukerak detektatzeko gaitasuna, erabat eraldatzen ari zen mundu batean.

Erakusketak publikoa gonbidatzen du hausnar dezan ekimen indibidualak nola molda ditzakeen hiriak, enpresak eta fortunak, belaunaldiak eta mugak gainditzen dituen ondare iraunkor bat utzita, eta, horrez gainera, ekintzailetzaren eta aurrerapenaren mugekin aurrez aurre jartzen gaitu.

Nazioarteko solasaldia: Mexikoren eta Bizkaiaren arteko elkarrizketa

Erakusketarekin batera egingo diren jardueren artean, La Encartada Fabrika-Museoak mahai-inguru bat egingo du, datorren urriaren 1ean, Benemérita Universidad Autónoma de Puebla (BUAP) lderitzon unibertsitatearekin lankidetzan antolatuta.

Bertan lau aditu batuko dira, eta López de Letonaren figurari buruzko ikuspegi osagarriak emango dituzte; hona adituok:

  • Blanca Esthela Santibáñez Tijerinak -BUAPeko historialaria eta irakaslea—, euskal emigrazioak Mexikoko garapen ekonomikoan izan zuen eragina aztertuko du, arreta berezia jarriz Pueblako ehungintzan.
  • Alberto Santana Ezkerrak -historialaria, etnografoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko burua-, López de Letona enpresaburuak eta beste batzuek bultzatutako Bizkaiko paisaia ekonomikoaren eraldaketa aztertuko du.
  • M.ª Jesús Pacho EHUko Artearen Historiako irakasle eta erakusketako komisarioak Santos López de Letonak sustatu zituen arkitekturaren eta hirigintzaren gako estetiko eta sinbolikoak aztertuko ditu.
  • Ainara Martínez Matia La Encartada Fabrika-Museoko zuzendariak solasaldia moderatuko du, eta haren legatua euskal industria-ondarearen testuinguruan kokatuko du.

Nazioarteko elkarrizketa horren helburua da Mexiko eta Euskadiren artean konexio iraunkorrak ehundu eta hiriak, industriak zein bizimoduak moldatu zituen gizon baten figuran sakontzea.