Udalarekin lotutako informazioa modu arin, eroso eta eskuragarrian zabaldu eta jasotzea ahalbidetuko duen komunikazio-kanal berri bat jarri du martxan ostiral honetan Amorebieta-Etxanoko Udalak. Hala, zornotzarrek WhatsApp bidez jaso ahal izango dituzte udal-abisuak, albisteak eta ekitaldien inguruko eguneraketak.

Kanala norabide bakarrekoa izango da, hau da, informazioa bidaltzeko erabiliko da soilik, eta ez da posible izango bertan mezuak bidaltzea edo Udalarekin zuzenean hitz egitea. Gainera, kanala anonimoa da: ez da inoren telefono-zenbakirik erakutsiko, ez beste erabiltzaileei, ezta Udalari ere. Era berean, ez da datu pertsonalik partekatuko edo biltegiratuko, pribatutasuna bermatuz.

Nola harpidetu

Zornotzarrek kanal honen bidez abisuak, berritasunak edo udal-eguneraketak jasotzeko, ezinbestekoa da WhatsAppeko udal-kanalera harpidetzea. Horretarako, esteka honetan sartu behar da [https://whatsapp.com/channel/0029Vb6EiaxIt5rztaBjwX3D]; behin kanalaren barruan, beheko aldean agertzen den “Jarraitu” sakatu eta azkenik, abisuak jasotzeko, pantailaren goiko eskuinean agertzen den kanpaitxoaren ikonoa sakatu behar da. Hori eginda, udalaren informazio guztia zuzenean jasoko da mugikorrean.

Ekimen honen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak gardentasunarekin eta herritarren informazio-eskubidearekin duen konpromisoa berretsi du, eta egunerokoan gehien erabiltzen diren tresnetara egokitzea du helburu. Bide berri hau tresna erabilgarria izan dadin, Udalak herritar guztiak animatzen ditu kanal berrira atxikitzera eta udaleko informazioa zuzenean jasotzen hasteko.