Jaietarako hiru aste bakarrik falta direnean, Durangoko Udalak ezagutzera eman du San Fausto Gizarte Etxeko kideak izango direla jaiei hasiera emango diotenak. Erabaki hau Jai Batzordeak gehiengo zabalaz hartu du.
Aukeraketa hau oso garrantzitsua da kolektiboarentzat, 50. urteurrena ospatzen baitu, eta omenaldi bat da bere ibilbideari eta udalerriarekin duen konpromisoari
Txupinero txikiak Nevers Ikastetxeko ikasleak izango dira, aurreko urteetan aukera hori izan ez zuten ikastetxeetakoen artean zozketa bidez aukeratuak. Helburua da txikienek jaietan parte aktiboa izatea, esperientzia berezi bat bizitzera gonbidatuz.
Mireia Elkoroiribek, Durangoko alkateak, eta Jesica Ruizek, alkateordeak, txupineroek festetan jokatzen duten papera nabarmendu dute, jaien hasiera sinbolikoan parte hartzearen garrantzia azpimarratuz. “Bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu San Faustoko Gizarte Zentroari txupineroen eginkizuna bere gain hartzean erakutsitako konpromisoagatik eta erakutsitako gogoagatik, baita urte osoan egiten duten lanagatik ere. Baita Neverseko ikasleei ere, ilusioz eta alaitasunez ordezkatzen dituztelako txupinero txikiak. Guztion inplikazioa funtsezkoa da tradizioa, jai-espiritua eta belaunaldien arteko harremanak indartzeko, Durangoko jaiak paregabe bihurtzen baitituzte ”.
“Patxikotxu eta Pantxike goitik begira”
Aurtengo lehiaketaren kartel irabazlea “Patxikotxu eta Pantxike goitik begira” izan da, Endika Madinabeitia durangarrak sortua, eta herri-bozketan emandako 418 botoetatik 156 jaso zituen. Kartel finalistak hauek izan ziren: “Pozaren koloreak”, “Elkarrekin ospatzen”, “Kolore”, “Uranga eztanda”, “Festarik onenak” eta “San Fausto 2025. Tradizioaren jauzia”.
Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie kartelak diseinatu eta bozketan parte hartu zuten guztiei.
Udalak, beste behin ere, Jai Batzordearen funtsezko eginkizuna nabarmendu nahi izan du. Herritarrek parte hartzeko gunea da, eta zuzenean jaiak antolatzen eta erabakiak hartzen laguntzen du, tradizioak bizirik mantenduz eta Durangoko kolektiboen inplikazioa bultzatuz."
Datorren astelehenean, irailak 22, jaietako egitarau osoa aurkeztuko da.