Síguenos en redes sociales:

Irailaren 27an hasiko da 'Hiru Hiriburuak' pilota-txapelketa

Hiru euskal hiriburuetako Udalek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako emakumeen pilotaren erakusleiho indartsuena Gasteizko Beti Jai pilotalekuan hasiko da

Irailaren 27an hasiko da 'Hiru Hiriburuak' pilota-txapelketaB. U.

Astearte honetan goizean aurkeztu egin dute irailaren 27an Gasteizko Beti Jai frontoian hasiko den 'Hiru Hiriburuak 2025' pilota-txapelketa. Aurkezpena Bilboko Udaletxean izan da, eta bertan Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroleko zinegotziak, Ana López de Uralde Vitoria-Gasteizko Udaleko Kiroleko zinegotziak eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Kiroleko zuzendariak hartu dute parte.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako Udalek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako txapelketa honek hazten jarraitzen du, eta aurten marka berri bat gaindituko du, lau kategorietan lehiatuko diren 70 emakume pilotarirekin.   

Beste edizio bat, beraz, Emakume Master Cup zirkuituaren printzipioei leial. Bilbo, Donostia eta Gasteiz batuko dituen txapelketa hau guztiz irekia izan da, eta parte hartu nahi izan duten emakume guztiek izena emateko aukera izan dute. Aukera hau zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den lehiaketa bat izan dezan, txapelketa 4 kategoriatan banatuko da: hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak, laurak ere pilota mistoarekin

Lehiaketa irailaren 27an hasiko da Gasteizko Beti Jai pilotalekuan, egun osoan zehar luzatuko den pilota-maratoi batekin.  Bertan, kategoria guztietako aldez aurreko kanporatzeak jokatuko dira, eta aurrera ateratzen direnek urriaren 5ean izango dute hurrengo hitzordua, Bilboko Esperantza frontoian, emakumeen eskupilotarako kantxa berezi batean.  Finalak urriaren 12rako iragarrita daude, Donostiako Atano frontoi historikoan. 

Elite kategoriari dagokionez, aurten 8 bikotek hartuko dute parte:  Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara, Zabaleta-Mendizabal, Arraiza-Capellán, Ibarrola-Betegi, Salsamendi-Bertiz, Aldai-Erasun eta Uriarte-Pérez. Zabaleta-Mendizabal bikoteak irabazi zuten 2024an.