Joan den ostiralean, abuztuak 22, Aperribai inguruko bizilagunek hauts beltza antzeman zuten airean, goizean zehar. Ordu gutxiren buruan, hauts horrek auzoko kaleak, autoak, espaloiak eta balkoiak hartu zituen, herritarren kezka eraginez.

Hautsak sortutako zikinkeriari irtenbide eraginkorra emateko helburuarekin, Udalak Aperribai auzoko garbiketa lanak indartzea erabaki du. Horretarako, kaleetan eta espaloietan pilatutako hauts beltza kentzeko dispositibo berezi bat aktibatu du. Lanak garbiketako udal zerbitzuek egingo dituzte eta lehentasuna emango zaie agerikoenak diren eta jende gehien ibiltzen diren eremuei.

Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak Basauriko Bridgestone lantegiko tximinia bat garbitzeko eta mantentzeko lanekin zerikusia izan zezakeela jakinarazi zuen. Hala ere, Bridgestone lantegitik zehaztu dute gertaeraren jatorria ostiral goizaldean enpresaren instalazioetan gertatutako ke beltzaren isuri bat izan dela, konposatu ez toxikoa, oso lurrunkorra.

Udalak Eusko Jaurlaritzarekin, Basauriko Udalarekin eta Bridgestonerekin harremanetan jarraitzen du. Enpresari erantzukizunak eskatu dizkio; gertatutakoa azter dezala eta halakorik berriz gerta ez dadin neurriak hartzeko eskatu dio. Halaber, eragindako kalteak bere gain hartu ditzala eta afektatutako auzokideen eskaerak aintzat hartzea eskatu dio Udalak Bridgestoneri.

Aperribaiko bizilagunen laguntza eskertzen du, eta pazientzia eskatzen die; izan ere, ke beltza material bereziki fina eta iraunkorra da, eta, beraz, neketsuagoa da erabat kentzea. Ingurua ohiko egoerara itzultzeko behar den denboran jarraituko dute garbiketa lan bereziek.

Udalak lan horien jarraipena egingo du datozen egunetan eta 944 010 506 eta 944 010 566 telefono zenbakiak jarriko ditu herritarren eskura, garbiketa lanak amaitu ondoren zikinkeria hondarrak detektatuz gero abisatu ahal izateko.