Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultadeko 'Zeramika: Artea eta Funtzioa' Masterra egin duten hamasei ikaslek prestakuntza ibilbideari amaiera emango diote "Beste forma horiek" talde erakusketarekin. Astelehenetik ostiralera arte, abuztuaren 29a, 08.00etatik 20.00etara egongo da zabalik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea 6, beheko solairua. Bilbo).
Bizkaiako Batzar Nagusiek jakinarazi duten bezala, protagonistak Leioako campusean ematen den graduondoko ikastaro espezializatuaren azkeneko promoziokoak dira: O. Irati Petuya Ingunza, Valentina Rodríguez de Tezanos Pinto, Marina B. Bielli Sánchez, Nicole N. Nieto Herrera, Candela Eirea Orro, Sandra Ardila Ramírez, Madeleinne A. Rodríguez Montoya, Mónica Armengol Nicolás, Janire Mindegia Etxepare, Lina M. Maldonado Jacobsen, Josu Santamaría Luque, Inés Asensio Nogueira, Violeta Roca Rom, Javiera I. Jaras Castaños, Iñigo Alonso Bilbao eta Melisa Vezhdieva Gyultenova.
Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoan ikusgai dagoen proposamenak Europa eta Latinoamerikako hainbat lekutatik datorren talde multikulturalaren ezagutzaren, sensibilidadearen eta begiraden emaitzak dira.
José María Herrera Jiménez masterreko zuzendariak dioenez, euren lanetan, "sormen-autonomia nabaritu daiteke, bai eta bakotxak bere eremua topau gurean egindako baidaia be. Itxuraz ahulak diran materialak sormen solidoakaz bateratzen ditue, non hiru dimentsiotasunak dispositiboen ideiei eusten deutsen".
Erakusketa horretan zeramika erabiltzen da "planotik bolumenerantz igaroteko, mugak gaindituz, materialaren mugak errealitate artistiko barriak aurkitzeko leku komun gisa balioetsiz", adierazi du Herrerak.
Bizkaiko Batzar Nagusiak EHUko Arte Ederren Fakultatearekin duela hamarkada batetik daukan akordioaren emaitza da erakusketa. Akordioa, hain zuzen, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko sinatu zen. Oraingoan zeramika masterreko ikasleen artelanak daude ikusgai. Batzar Nagusiak Bilbo erdian daukan erakusketa-aretoa eskaintzen dute EHUko ikasleen lana bizkaitarrengana errazago gerturatzeko.