Síguenos en redes sociales:

Irailean igorriko ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak zaborren tasa berriaren ordainagiriak

Tasa berriari dagokion lehen faktura hori urteko hirugarren hiruhilekoari dagokio, hau da, uztaila eta iraila bitarteko aldiari.

Amorebieta-Etxanoko Udalak datorren hilabetean, irailean, aplikatuko du hiri-hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzeko tratatzeko zerbitzuagatiko tasa berria. Udalbatzak martxoko osoko bilkuran aho batez onartu zuen tasa hori, eta uztailean sartu zen indarrean.

Aldaketa hori Europar Batasunaren 2008/98/EE Zuzentaraua eta ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea betez aplikatzen da. Bi arau horiek zerbitzuaren finantzaketa espezifikoa, bereizia eta ez-defizitarioa izatea eskatzen dute, eta “hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du” printzipioari erantzuten diote. 

Orain arte, zabor-zerbitzuaren kostua urarekin eta saneamenduarekin bateratuta zegoen eta tarifa lau berdina aplikatzen zen etxe guztietarako, haien tamaina edo zerbitzuaren benetako erabilera edozein izanda ere. Araudi berriarekin, eredu bidezkoagoa proposatzen da, non etxe bakoitzak zerbitzuaren erabileraren eta gaitasun ekonomikoaren arabera ordainduko duen, modu horretara, zaborren kudeaketa arduratsuagoa eta hondakinen murrizketa eta birziklapena sustatzeko. 

Nola kalkulatzen da tasa berria?

Aurreko ereduan ez bezala, tasa berria bi parametroren arabera kalkulatzen da:

  • %40 – Oinarrizko osagarria: Etxebizitzaren katastro-balioa: Hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak hiri-inguruneari eta, beraz, etxebizitza-jabetzei balioa ematen die.
  • %60 – Osagarri espezifikoa: Etxean erroldatutako pertsonen kopurua: “Gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du” printzipioaren pean, atal honen helburua da kostua zerbitzuaren erabilera errealera egokitzea.

Kobrantza eta borondatezko ordainketa epea

Tasa berri horren lehenen ordainagiria urteko hirugarren hiruhilekoari dagokiona izango da (uztaila, abuztua eta iraila), eta irailaren 15ean kobratuko zaie ordainagiria helbideratuta duten pertsonei. Helbideratuta ez dutenek abuztuaren 25etik aurrera jasoko dute ordainagiri berria, eta irailaren 1etik 30era bitartean izango dute borondatezko ordainketa egiteko epea.

Hobariak 

Ordenantza berriak bi hobari nagusi aurreikusten ditu:

  • % 90eko hobaria egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonentzat (kotizazio gabeko pentsioa, DSBE edo GGI).
  • % 30eko hobaria kuota espezifikoan edukiontzi marroia etengabe erabiltzen dutenentzat (gutxienez 8 erabilera hilean, gutxienez 10 hilabete aurreko urtean).

Bi hobari horiek HAZen edo egoitza elektronikoaren bidez eskatu beharko dira martxoaren 1a edo ekitaldi horren ondorengo egun balioduna baino lehen.