Tributu itunduen bilketa uztailera arte % 6,6 hazi da Bizkaian
6.618,0 milioi euro bildu dira uztailera arte, hau da, 2024an epe berean bildurikoa baino 408,5 milioi euro gehiago
Zuzeneko eta zeharkako zerga-ezarpenek bilakaera positiboa izan dute, % 4,6 eta % 5,9 hazi baitira, hurrenez hurren, Bizkaian. Estatuarekiko doikuntzek, bestalde, % 25,2 egin dute gora.
Zuzeneko zerga-ezarpenak aurreko hilabeteetako joera onari eutsi dio, eta, zerga horien bidez, 3.562,5 milioi euro bildu dira: iazko uztailean baino % 4,6 gehiago (+157,5 milioi). PFEZak laneko atxikipenen % 6,7ko hazkundearen bultzada izan du, eta, ekitaldi honetako kanpaina amaitu ondoren, % 8,9 hazi da, oro har. Sozietateen gaineko Zergak, berriz, % 19,7 egin du behera, 2024ko zergaren kanpainan sartu beharreko autolikidazio batzuen zenbatekoaren ondorioz (- % 29,5 kuota diferentzialean), araudi erkidearen mende dauden erakundeen lehen ordainketa zatikatuan ikusitako joeraren ildotik. Azken datu hori konpentsatzera dator laneko atxikipenen (+%6,7), kapital higigarriaren (+% 9,3), kapital higiezinaren (+% 4,1) eta ondare-irabazien (+% 28,4, PFEZari eta sozietate-zergari egotzitako atxikipenak kontuan hartuta) atxikipenen bilakaera positiboa, 2025eko ekitaldiaren beraren bilakaera islatzen baitute.
Zuzeneko ezarpena hauen bidez osatzen da: ondarearen gaineko zerga, % 23,9 igo baita (+23,0 milioi euro, kanpainako azken datuak barne), ildo onari eutsita; ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga (+% 28,3); oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga (+% 66,1), eta energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zerga berreskuratua, 26,6 milioi iritsi baita, aurreko ekitaldiko 3,5 milioien aldean. Horretaz gain, beste 9,8 milioi euro ere sartu dira interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga berriaren ondorioz.
Zeharkako ezarpena dela eta, uztailera arte, 2.420,6 milioi euro bildu dira (2024an baino 134,4 milioi gehiago). Bizkaian kudeaketa propioko BEZak ekitaldi honetan bilakaera positiboa izan duenez (+% 8,5), lurraldearteko doikuntzaren kontzeptuan gainerako aldundien aldeko fluxuak areagotu dira, eta % 19,2 gehiago ordaindu (+62,1 milioi). Zerga berezietan, doitu ondoren, bilakaera dibergenteak daude. Hala, tabakoaren gaineko zergak (+% 8,7) eta elektrizitatearenak (+% 106,4) gora egin dute, eta alkoholarenak (-% 12,3) eta garagardoarenak (-% 22,8), berriz, behera egin dute. Hidrokarburoena aurreko ekitaldikoaren antzera geratu da (+% 0,5).
Zeharkako ezarpenen gainerako kontzeptuek bilakaera positiboari eutsi diote. Izan ere, gora egin dute ondare-eskualdaketen gaineko zergak (% 33,6) eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergak (% 26,9), aseguru-primek (% 6,7) edo joko-jarduerek (% 17,8), berotegi-efektuko gas fluordunek (% 26) eta zenbait zerbitzu digitalek (% 24,9). Zenbait garraiobideren gaineko zergak (-% 23,4) eta finantza-transakzioen gaineko zergak (-% 19,7), berriz, datu negatiboak izaten segitzen dute.
Tasak eta beste diru-sarrera batzuk 43,1 milioi euro dira, hau da, 2024ko aldi berean baino 2,4 milioi gutxiago; izan ere, joko-tasek (-% 2,1), berandutze-interesek (-% 7,7) eta premiamendu-errekarguek (-% 11) behera egin dute.
Hilabete honetan Estatuarekiko doikuntzak sortu dira, eta bilakaera positiboa izan da doikuntza horien xede diren zerga-kontzeptu guztietan. Hala, BEZaren doikuntzak % 16,3 egin du gora, inportazioen (+% 19,6) eta barne-eragiketen (+% 10,6) martxa onaren ondorioz. Zerga berezien doikuntzak, oro har, % 13,9 egin du gora, eta, alde horretatik, nabarmendu behar da hidrokarburoen gaineko zerga bereziagatik Estatuari ordaindu beharrekoa gutxiago dela, % 13,6 murriztu dira eta (2024an baino 24,9 milioi gutxiago).