Heldu da eguna. Amorebieta-Etxanok giro bikaina izan du uda osoan udalerrian ospatu egin diren jai guzti-guztietan, baina oraindik ez dira amaitu. Jai nagusiek, Karmengoak, eman zieten hasiera ospakizunez betetako udari. Azkenengoak, aldiz, Montorrako jaiak izan dira, joan den asteburuan ospatu zirenak. Bada, gaur bertan, abuztuaren 14an, Etxano auzoaren txanda izango da. Datorren larunbatera arte, hau da, hilaren 16ra arte, jai giroan murgilduko dira Etxanoko biztanleak eta bisitariak.

Esan bezala, festak gaur, abuztuaren 14an, hasiko dira, arratsaldeko 17:00etan, txupinazoaren jaurtiketarekin. Horrekin batera, Txilinen aurkezpena eta kalejira egingo dira Etxanoko erraldoiekin eta ur zezena ere egongo da.

Astebururako, halaber, hainbat ekintza antolatu dira guztien gozamenerako. Nabarmenak dira umeentzako eta familientzako ekintzak, hala nola, puzgarriak eta jolasak, zinema, zirku eskola, mago ikuskizuna, marrazki lehiaketa eta ginkana…. Horrez gain, Kittu taldearen erromeria, pilota jaialdia, herri bazkaria, taloak, bertso saioa, parrilada edota hainbat lehiaketa ere jokatuko dira, esaterako, mus lehiaketa, tortila patatarena edo aintzan txakurrena. Mendi martxa, aitite eta amamei omenaldia ere egingo dira.

Festak Tapia eta Leturia bandaren kontzertuarekin amaituko dira abuztuaren 16an, gaueko 22:00etan.

Montorrako jaiak

Joan den astean, Montorrako jaiak ospatu ziren. Ohiko moduan, txupinazoaren jaurtiketak eman zien hasiera jeiei, larunbatean, eguerdiko 13:00etan eta hortik aurrera, ekintza desberdinak egin ziren astelehenera bitartean: hirugihar jana, asto probak, erromeria, umeentzako ekintzak… trikitilari eta txistulariak ere izango dira, baita auzo bazkaria ere. Horrez gain, hainbat txapelketa ospatu zen: txapel jaurtiketarena, tortila patatarena edota rana txapelketa, besteak beste.