Lurraldeko errepide-sarea zaintzeko irtenbide teknologiko berritzaileak identifikatzeko merkatuko aldez aurretiko kontsulta bat jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailaren bitartez.

Ekimen honen bidez, jauzi kualitatiboa eman nahi da errepideak ikuskatzeko lanean, zeina gaur egun foru-teknikariek egiten baitute ikuskapen bisualetan oinarrituta.

Zaintza-sistema adimendunak esploratu nahi dira, zeinek ikuspen artifizialeko eta adimen artifizialeko teknologien bidez aukera emango baitute azpiegituraren egoera eta bide-segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen errepide-ertzetako jarduketak eta gorabeherak denbora errealean detektatu, sailkatu eta erregistratzeko. Hori guztia mugimenduan dauden ibilgailuetatik, flota espezializatuak eta zeregin horretan soilik diharduten langileak zabaldu beharrik gabe. Ekimena SIVICA (Errepideak Zaintzeko Sistema Adimenduna) proiektuaren bidez bideratuko da.

Gaur egun, eskuzko zaintzak muga handiak ditu, batez ere orografia konplexuko tarteetan, egitura garaietan edo tuneletan. Eremu horiek zail dira etengabe ikuskatzen; horrek atzeratu egiten du narriadurak detektatzea edo arriskutsuak izan daitezkeen jarduketak egitea, eta, ondorioz, esku hartzeko ahalmena mugatzen du.

Merkatuko aldez aurretiko kontsulta irailaren 12ra arte egongo da irekita, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez, eta etorkizuneko teknologia berritzailearen erosketa publikoa martxan jarri aurreko urratsa da. Jasotako ekarpenei esker, lurraldearen benetako premietara egokitutako irtenbide aurreratu baten baldintza teknikoak eta funtzionalak diseinatu ahal izango dira.

Jarduketa hau bat dator Bizkaiko Bide Azpiegituren 2024-2027ko Berrikuntza eta Jasangarritasun Planarekin. Hain zuzen ere, planak digitalizazioaren, jasangarritasunaren eta erabiltzaileen esperientzia hobetzearen aldeko apustua egiten du, bai eta sortzen ari diren teknologiak - hala nola ibilgailu konektatuak, garraio kooperatiboko sistema adimendunak (C-ITS), adimen artifiziala edo sentsore adimendunak - errepide-azpiegituraren bizi-zikloan sartzearen aldekoa ere.

Proiektuak berrikuntza sustatzeko laguntzak jaso ahal izango ditu.

Teknologia berritzailearen erosketa publikoak bete beharrekoa izango du Sektore Publikoko Kontratuen Legea; horrek bermatuko du irtenbide teknologiko aurreratuak eskuratzeko prozesua gardena, ordenatua eta indarrean dagoen araudiaren araberakoa izango dela.