Ostiral honetan arratsaldean, Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) kontzertu berezi bat eskaini du, Arabako espetxean lehen aldiz joz, zentroaren historian lehenbiziko errezitaldia izanik. BOSek kulturarako sarbide unibertsalarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren babesa eta laguntza izan du. 

Kontzertuak 50 minutuko iraupena izan du, eta Jesús Guridi euskal konpositorearen pieza sorta zaindua eskaini du. Kontzertua orkestrako 45 kidek interpretatu dute Mikel Fernandezen zuzendaritzapean, Lorea Lopez sopranoarekin eta Aitor Garitano tenorearekin batera. Horiek guztiek ibilbide nabarmenak dituzte estatuan eta nazioartean. Egitarauan El CaseríoLa Meiga eta Mirentxu lanen zatiak ere sartu dira.

Gizarteratzearen eta birgizarteratzearen aldeko apustua

Ekimen hau martxan jarri da bai BOSek, bai Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, uste osoa dutelako kultura pertsona guztien eskubidea dela, askatasunaz gabetuta daudenak barne. Kontzertu bat zuzenean entzuteak espetxe-errutina hausten du, antsietatea murrizten du, ongizate emozionala hobetzen du eta errespetu eta bizikidetza giroa sustatzen du. Gainera, espetxeratuta dauden pertsonek kanpoaldearekin duten lotura indartzen du, eta Euskadiko kultura-maparen barruan kokatzen ditu. 

"Kontzertu hau oso esperientzia hunkigarria izan da guztiontzat", adierazi du Iñigo Alberdik, BOSen zuzendari nagusiak. "Orkestrak irmo sinesten du kulturak gure gizarteko txoko guztietara iritsi behar duela. Proiektu honekin, musikak edozein horma zeharka dezakeela erakusteko aukera izan dugu. Ez da soilik kontzertu bat izan: enpatiaz beteriko ekintza bat izan da, eta birgizarteratzeko konpromiso zibiko bat".

Kontzertu honek eta antzerako jarduerek presoen espetxe-tratamenduaren parte izateaz gain, birsozializatzeko helburua ere badute. Konstituzioaren 25.2. artikuluaren arabera, zigor askatasun-gabetzaileak errehabilitaziora eta birgizarteratzera bideratu behar dira. Testuinguru horretan, kulturak funtsezko zeregina du.

 "BOSek Arabako espetxean emango duen kontzertua kultura- eta musika-jarduera bat baino gehiago da: inklusio-ariketa bat da, kanpoarekiko harremana mantentzeko eta etorkizunean askatasunean berriro integratzea errazteko aukera bat. Uste dugu birgizarteratzea gizartearen barrutik egin behar dela, eta ez zentro itxi batetik ", adierazi du Mercedes Iruarrizagak, Arabako espetxeko zuzendariak, eta jarduera horrek balio sinbolikoa eta terapeutikoa ere baduela azpimarratu du. "Espetxe honetan musika klasikoko kontzertu bat egiten den lehenbiziko aldia da. Esperientzia eraldatzailea izan da. Musikak, gure espazioak edertasunez betetzeaz gain, errespetu, bizikidetza eta emozio giroa ere sortu du. Horrelako jarduerak espetxe-tratamenduaren parte dira, eta balio handia dute presoen gizarteratze prozesurako".

Mugarri bat BOSentzat

Ekitaldi hau BOSen gizarte ekintzaren ildoaren parte da. Izan ere, 1922an sortu zenetik musikaren hedapena sustatu du BOSek, ez bakarrik auditorium handietan, baita hezkuntza, landa eta gizarte testuinguruetan ere. Emanaldi honekin, Bilbao Orkestra Sinfonikoak beste mugarri bat gehitu dio bere zerbitzu publikoaren bokazioari, eta kultura ireki, eraldatzaile eta inklusiboarekin duen konpromisoa berretsi du.