Gurasoen aurkako indarkeriak ukitutako familiei arreta ematen espezializatuta dagoen Hobetzen programak 115 familia eta 393 pertsona artatu ditu. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailak kudeatzen du.
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu Teresa Laespadak hau nabarmendu du "Bizkaian ez diegu bizkarrik ematen errealitate zailenei. Familiei laguntzen diegu indarkeria etxean sartzen denean, mina izugarria denean eta konponbideak ezinezkoak direla dirudienean. Horregatik babesten dugu, besteak beste, Hobetzen proiektua, gehien behar dutenei aukerak, konfiantza, itxaropena eta bigarren aukerak eskaini nahi dizkiegulako".
Programa Berriztu Elkarteak kudeatzen du, eta esku-hartze psikoterapeutiko eta gizarte- eta hezkuntza-alorreko esku-hartze espezializatuak eskaintzen ditu, genero-ikuspegiarekin, familia-dinamika bortitzak eraldatzeko eta begirunean oinarritutako loturak berrezartzeko. 2024an, 116 nerabek (74 mutil eta 42 neska) parte hartu zuten esku-hartzeetan. Erasoak jasandako senideak198 izan ziren, gehienak amak izan ziren (114 ); aitak, berriz, 77.
Funtzionamendu-datuak eta arreta jasotakoen profilak
Kasuen % 69 zerbitzu publikoetatik bideratu ziren — gizarte-zerbitzuak (36 kasu), justizia (10 kasu), osasuna (15), umeen zerbitzua (15) —; kasuen gainerako % 31 zuzenean iritsi ziren, batez ere foru-webgunearen bidez. Prozesuen batez besteko iraupena 289 egun izan zen, eta ekitaldiaren amaieran 100 familiak segimendu aktiboan jarraitzen zuten. Urtean zehar, 3.000 elkarrizketa baino gehiago egin ziren, bai eta 600 koordinazio inguru kanpoko baliabideekin ere.
Arreta jaso zuten familiak batez ere Bilbokoak dira (44 kasu), ondoren datoz Barakaldokoak (11), Santurtzikoak (8), Getxokoak (7), Basaurikoak, Portugaletekoak, Sestaokoak, Durangokoak eta Erandiokoak; guztira, Bizkaiko 27 udalerri daude.
Familia-profilak eredu ez-tradizionalen nagusitasuna erakusten du: % 40,8 tradizionalak dira; % 28,6, lankidetza duten guraso bananduak; % 24,3 lankidetzarik ez duten guraso bananduak; % 4,4 guraso (ama) bakarrekoak eta, % 2,6 familia berrosatuak. Nerabeei dagokienez, % 63,7 gizonezkoak ziren, eta ia % 40k 16-18 urte zituzten. Haietatik, % 48k substantzia toxikoak kontsumitzen zituzten, batez ere alkohola eta kanabisa, eta lautik batek eskola-jazarpena jasan zuen.
Arreta jaso zuten familien % 18 aldez aurretik genero-indarkeriako egoerekin bizi izan zen; horrek agerian uzten du bi indarkeria moten arteko harremana. Kasuen % 92n, ama izan da seme-alaben erasoen biktima zuzena.
Emaitzak eta balorazioa
Arreta jaso duten familiek oso modu positiboan baloratu dute programa: % 90ek baino gehiagok 4 edo 5eko puntuazioa eman dute (5 da gehieneko puntuazioa), eta bereziki nabarmendu dituzte taldearen profesionaltasuna, irisgarritasuna eta giza kalitatea.
2024an, profil desberdinetako ikasketa-maila duten familiekin lan egin du programak. Amen artean, goi-mailako ikasketak dituztenak dira nagusi (% 25); erdi-mailako ikasketak dituztenak, berriz, % 18 dira, eta unibertsitate-ikasketak amaitu gabe dituztenak % 17 dira. Aiten kasuan, % 27,5ek goi-mailako ikasketak ditu, eta % 17,5ek oinarrizko ikasketak. Familia gehienek lan-egoera aktiboa zuten: % 87k kide heldu guztiak lanean zituen, eta % 10en kasuan gurasoetako bat lanik gabe zegoen.
Amen aurkako tratu txarren tipologiari dagokionez, kasuen % 38k indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan zuten; % 33n indarkeria psikologikoa besterik ez zuten erabili, eta % 11n indarkeria ekonomikoa ere bazegoen.
Bizkaian finkatutako baliabide bat
Hobetzen erreferentziako foru-zerbitzu bat da, Bizkaiko Foru Aldundiko Emakume eta Familia Zerbitzuarekin etengabe koordinaturik dagoena. Programak jarraipen- eta amaiera-txostenak eta esku hartzeko proposamenak egiten ditu; gainera, aktiboki parte hartzen du arrisku-egoera berriak detektatzen. Horrez gainera, genero-indarkeriari, hezkuntza emozionalari, haserrearen kudeaketari, adikzioen prebentzioari eta gurasoen trebetasunak indartzeari buruzko prebentzio-programak garatzen ditu, familia-harreman osasungarriak sustatzeko eta etorkizuneko indarkeria-egoerak prebenitzeko.
Programa honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du familiak babesteko, indarkeria desagerrarazteko eta familia-ingurune seguruagoak, berdinzaleagoak eta osasungarriagoak eraikitzeko duen konpromiso irmoa.