Ostiral honetan, abuztuaren 1ean, Boiseko 2025eko Jaialdiaren baitan antolatutako NABOren (North American Basque Organizations) urteroko batzarrean hartu du parte Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek. Bere hitzaldian erakundearen lana eskertu du, AEBetan euskararen irakaskuntzarekin eta euskal kulturaren sustapenarekin duen konpromisoagatik.
Etxanobek bereziki nabarmendu du NABOk Ipar Amerikako euskal diasporaren egituraketan duen funtsezko papera. "NABOri esker, lehen sakabanatuta eta desegituratuta zegoen komunitate batek kohesio eredugarria lortu du. Erakunde honek belaunaldi berrien artean euskal nortasuna indartzeaz gain, gure kultura mundura proiektatu" duela azpimarratu du. Era berean, NABO "tradizioaren eta modernitatearen arteko fusioaren eredu paradigmatikotzat" jo du.
Biltzarrean Euskal Etxeetako 80 konpromisario inguru izan dira. ahaldun nagusiarekin batera, Imanol Pradales lehendakariak, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak ere parte hartu dute.
Topaketa instituzionalaren ondoren, Bizkaiko ordezkaritzak Boiseko Morris Hill hilerria bisitatu du. Bertan, Bizkaitik etorritako etorkin askoren gorpuzkiak daude, sustraiak etxetik milaka kilometrora bizirik mantendu zituztenei egindako omenaldi hunkigarri batean. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak eskualdeko euskal diasporako kide eta familientzat antolatutako harreran parte hartu dute.
Agendak aurrera jarraituko du bihar Jaialdi 2025 jaialdiaren ekitaldi nagusiekin. Besteak beste, Bizkaiko standera bisita eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ipar Amerikako komunitate bizkaitarrarentzat antolatutako harrera ofiziala izango dira. Esperientziak partekatzeko, loturak sendotzeko eta nortasun partekatua ospatzeko aukera izango da, Xabi Paya, Xabi Aburruzaga, Onintza Enbeitia eta Nerea Ibarzabalekin batera.
Horrela, Bizkaiak berretsi egiten du diaspora bizi, aktibo eta funtsezko batekiko konpromisoa, euskararen eta euskal kulturaren etorkizunerako, gure mugetatik haratago.