Berdintasunerako Kontseiluaren erreglamendua aldatzeari buruzko proposamena aho batez onartu egin du Galdakaok uztaileko osoko bilkuran, udako oporren aurreko azkenean. Hala ere, sei aztergaietatik aho batez onartu den bakarra izan da, beste bostak emaitza bera jaso baitute: udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeek babestu egin dituzte proposamenak, eta oposizioan dauden EAJ eta PSE abstenitu egin dira.
Honakoak dira, zehazki, Galdakaoko udalbatzak uztaileko osoko bilkuran hartu dituen erabakiak:
- Udaleko lan poltsak kudeatzeko irizpideen araudia egokitzea onartu da. Udal langileen egonkortze prozesua gauzatu ondoren, Lan Eskaintza Publikoak egiteko prozesuan ari da Galdakaoko Udala eta, horren bidez, bere lan poltsa propioak sortzen, urte askoren ondoren lehen aldiz. Bere burua horretarako prestatu du Langileen Batzordearekin batera azken hilabeteetan egindako lanketa sakon baten bidez. Langileen Batzorde osoaren babesa duen egokitzapenari esker, langileen ordezkapenak eta lanpostu hutsen horniketa azkarrago eta segurtasun handiz egingo dira aurrerantzean, eta horrek Udalaren funtzionamendua hobetuko du. Udal gobernuaren aldeko 11 botoekin (EH Bilduren 8, Auzoaken 2 eta UHren 1) eta oposizioko kideen 8 abstentzioekin (EAJren 6 eta PSEren 2) onartu da neurria.
- Prezero enpresak 2025eko ekainean hiri hondakinak batzeko egindako lanei dagokion faktura ordaintzea onartu da. 46.502,80 euroko faktura da eta EH Bildu, Auzoak eta UHren aldeko 11 botoekin eta EAJ eta PSEren 8 abstentzioekin onartu da.
- Galdakaoko Udalak eta Usansoloko Udalak segregazio prozesuaren ondorengo trantsizioan usansolotarren zerbitzuak ziurtatzeko egin zuten lankidetza hitzarmenean oinarrituta, 2024tik kitatzeko zeuden diru sarrerak likidatzea onartu da. EH Bildu, Auzoak eta UHren aldeko 11 botoekin eta EAJ eta PSEren 8 abstentzioekin hartu da erabakia.
- 43 North Studio Sozietate Mugatuak UE-EL-2 unitaterako eraikuntza lanetarako aurkeztu duen xehetasun azterketa onartu da, EH Bildu, Auzoak eta UHren aldeko 11 botoekin eta EAJ eta PSEren 8 abstentzioekin.
- Lorezaintza kontratuaren esleipena onartu da. Lehiaketa publikorako prozesuan Sainz Gaimaz enpresa geratu zen lehen postuan eta hari esleitu zitzaizkion lanak, lehenik. Bigarren geratu zen Enviser enpresak errekurtsoa jarri zuen, ordea, eta Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak arrazoi eman zion. Hortaz, enpresa horri esleitu zaio kontratua. Orain, 15 eguneko epea dago errekurtsoak aurkezteko, eta inork ez badu erabakiaren aurka egiten, kontratua sinatzeari ekingo zaio. EH Bildu, Auzoak eta UHren aldeko 11 botoekin eta EAJ eta PSEren 8 abstentzioekin hartu da erabakia.
- Galdakaoko Berdintasunerako Kontseiluaren Erreglamendua berritzea onartu da. Berdintasunerako Kontseilua Galdakaoko emakume taldeek, talde feministek, berdintasunerako udal teknikariak eta zinegotziak osatzen dute eta berdintasun politikekin zerikusia duten arloak lantzen ditu. Gaur onartutako aldaketekin Galdakaoko Udalak iaz onartu zuen Parte Hartzerako Ordenantzara egokitu da erreglamendua, eta, Kontseiluak berak adostatutakoa beteta, hemendik aurrera ez ohiko deialdiak egiteko aukera izango du Kontseiluak eta batzorde iraunkorra izango du, besteak beste. Erabakia aho batez hartu da.