Elixabete Etxanobe izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritzaren buru Boiseko Jaialdian. Hiri horretan, kultura-entitateekin eta erakundeekin bilduko da, eta, horrez gain, bertan egin ohi den Jaialdian parte hartuko du.

Boisen, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua izango du lagun Etxanobek. Bertan, erakundeekin elkartzeko agendarekin jarraituko dute, eta hiri horretako eta Idahoko Estatuko ordezkari gorenekin bilduko dira, Bradd Little gobernadorearekin eta Boiseko Lauren McLean alkatearekin, bai eta Idahoko kultura-erakundeetako, Merkataritza Ganberako eta enpresetako kideekin ere.

Abuztuaren 1ean, foru-ordezkariak NABOko (North American Basque Organizations) ordezkariekin bilduko dira, eta erakundearen urteko bileran parte hartuko dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak euskal diasporako familientzat eta pertsonentzat antolatzen duen harreran parte hartuko dute.

Eta, abuztuaren 2an, Jaialdia izango dute agendaren erdigunean. Goizeko lehen orduan Bizkaiaren standa bisitatuko dute, eta harrera egingo diote Ipar Amerikako bizkaitar komunitateari. Bertan, esperientziak partekatuko dituzte euskal erreferente kulturalekin, hala nola Xabi Payarekin, Xabi Aburruzagarekin, Onintza Enbeitarekin edo Nerea Ibarzabalekin. Itzuli aurretik, Gatiburen amaierako kontzertuetako batez gozatu ahal izango dute, Idaho Central Arenan.

Jaialdia 2025

Boiseko Jaialdia 1987tik bost urtean behin egiten den euskal jaialdia da, Boisen, Idahon, Estatu Batuetan euskal diasporaren presentzia handiena duen hirietako batean, non astebetez mundu osoko milaka bisitari biltzen diren dantzez, musikaz, herri kirolez, gastronomiaz eta Europatik kanpo euskal kultura babesten duten jarduerez gozatzeko.

Jaialdia euskal nortasunaren topagune garrantzitsua bihurtu da Amerikan, Euskal Herriarekiko lotura festa eta familia giroan indartuz. Aurtengoa, gainera, bereziki esanguratsua da, pandemiaren ondorioz hamar urte igaro baitira ospatu gabe, eta, horren ondorioz, edizio hau mundu osoko euskal komunitatearentzako berrelkartzea espero da.

Presentzia propioa Jaialdian

Bizkaia izango da 2025eko Jaialdian Expo Idahon stand propioa izango duen lurralde bakarra. Bizkaiak zuhaitz gisa aurkeztuko die bere burua bisitariei. Zuhaitz hori, nortasunaren eta indarraren sinboloa, sustrai sendoak eta mundura zabaltzen diren adarrak dituen zuhaitz bat izango da, eta adar horiek gure kultura nola hazten den, nola bidaiatzen duen eta nola partekatzen den irudikatuko dute. Zuhaitzaren adarretatik zintzilik, bisoreak egongo dira, eta, horien bidez, bisitariek gure lurraldeko hainbat leku eta une garrantzitsu bisitatu eta deskubritu ahal izango dituzte.

Gainera, standak esperientzia birtual bat eskainiko du Santimamiñeko kobara, bisitariek Bizkaiko kultura-intereseko leku horretaz modu murgiltzailean gozatu ahal dezaten.