Astearte honetan goizean, uztailaren 29an, Symbiorem proiektu europarra Barkaldon martxan jarriko dela iragarri du bigarren alkateorde, bozeramaile eta Natur Garapen eta Ingurumen zinegotzi Alba Delgadok. Proiektu hori udalerrian garatuko da "lurzoruak deskontaminatzeko, nekazaritza-praktika jasangarriak sustatzeko eta ingurunea zaintzearen garrantzia sustatzeko", Delgadoren hitzetan.
Azaldu duenez, "datozen hilabeteetan emaitzak lortzeko lurzoruaren kalitatea aztertuko duen Symbiorem proiektua Lutxanan garatuko dugu, Orconera parkearen ondoan, kutsatutako tokiak lehengoratzeko helburuarekin, Sociedad de Gestión Urbanistica Eretza, S.A.ren jabetzako 8.409,94 m2-ko bi lursailetan".
Europar Batasunaren Horizonte Europa programak finantzatzen du proiektua, eta EHUk koordinatzen du. Guztira, 5,4 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 67.127 euro Barakaldoko bitartekaritzara bideratzen dira. Proiektuaren helburua da ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasuna hobetzea kutsaduraren kontrolean, mikroorganismoak, mikrobiomak, proteinak, landareak eta animaliak erabiliz ingurumenaren kutsadura ezabatzeko.
Irailean, proiektua ezagutzeko jarduerak
Garapen Iraunkorreko zinegotziak adierazi duenez, "Ekologistak Martxanen lankidetzari eta EHUko Kimika Sailaren bultzadari esker, proiektu berritzaile bat gara dezakegu, Barakaldoko lurzoruen kalitatea hobetuko duena, esperientzia hori gure udalerriko beste eremu batzuetan erreplikatu ahal izateko".
Era berean, adierazi duenez, "irailean zehar elkarte, ikastetxe eta beste kolektibo batzuekin jarduerak egiten hasiko gara, proiektua in situ azaltzeko, bai eta gure lurzoruen ongizateak duen garrantzia eta horiek historian zehar Barakaldon izan duten eragina azaltzeko ere".
"Jarduera horiek EHUren eta Ekologistak Martxanen eskutik egingo ditugu, eta irailean aurkeztuko ditugu", adierazi du.
Izan ere, azpimarratu duenez, "bertara hurbiltzen diren Barakaldoko bizilagunek egiazta dezakete negutegi bat jarri dugula, eta bertan metatuta dagoela hura konpontzeko landuko den lurra". Horrela, "instalazioa eta ingurunea errespetatzeko" eskatu die herritarrei, "lanak modu eraginkorrean egin daitezen".
Delgadok azpimarratu duenez, "aurrera egin behar dugu eta iraunkortasuna bultzatu behar dugu, lurzoruan kutsadura egoteak hainbat arrisku sortzen baititu osasunerako eta biodibertsitatearen galerarako".
Horregatik, "Barakaldoko herritarrak proiektua garatzen ari garen lekura hurbiltzea, bertatik bertara ezagutzea eta berdeguneak eta hiriguneak zaintzearekin kontzientziazio handiagoa sortzea nahi dugu", adierazi du. "Udalerri berdeago batekin konprometituta gaude, eta hori lortzeko nazioarteko proiektuekin lan egiten dugu", amaitu du.