Astelehen honetatik aurrera, Sopelbus zerbitzua erabat doakoa izango da 14 urtetik beherako erabiltzaileentzat. Neurri hori aho batez onartu egin zuen Sopelako Udalak ekainean egin zen osoko bilkuran. Bertan, Bizkaiko Garraio Partzuergoak bultzatutako ekimenarekin bat egitea onartu egin zuten.

Ekimen hau Sopelako Udalak herri kohesionatuago eta irisgarriago bat lortzeko bidean bultzatu nahi duen mugikortasun jasangarriaren ereduarekin dator bat, gazteek garraio publikoa erabil dezaten sustatuz eta erraztasunak emanez.

Sopelako Udalak ezin izan du neurri hau automatikoki aplikatu: zerbitzu publikoak emateko eta administrazio-jarduerak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza aldatu behar izan du lehenik eta behin. Ekaineko osoko bilkuran, ordenantzaren aldaketa onartu zen, eta uztailaren erdialdean jarri da indarrean erabakia. Gauza bera gertatu zen 2025eko otsaileko Osoko Bilkuran hartutako erabakiarekin: 12 urtetik beherakoentzat doakotasuna ezarri zen Sopelbuseko tarifetan, eta, neurri hori, martxoaren bigarren hamabostaldian jarri zen martxan.

Zer behar da doako zerbitzua izateko?

Neurri horretaz baliatu ahal izateko, txartel pertsonalizatu bat eduki beharko da, eta txartel hori Bizkaiko garraio publikoaren bezeroarentzako arreta bulego integraletan eskuratu ahal izango da. Txartela tutore arduradunak eskatu eta eskuratu ahal izango du; beti ere, doakotasun horren onuradun izango denaren argazkia eta NANa edota familia-liburua aurkezten baditu.

Zerbitzu berria eta BARIK sistema

Uztailaren 1etik aurrera martxan dago Sopelbus zerbitzu berria. Orain, gainera, flota modernoago, eraginkorrago eta fidagarriago bat eskaintzen ari da Udala, matxura teknikoak gutxituz eta zerbitzu egonkorragoa eskainiz.

Uda garaian, bi autobus egongo dira zerbitzuan, eta bat erreserban; neguan, berriz, bat arituko da eta beste bat egongo da erreserban, urtaro bakoitzeko eskarietara egokituz. 

Behin zerbitzu berria martxan jarrita eta Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin egin beharreko tramiteak bideratuta, BARIK sistema dagoeneko erabilgarri dago Sopelbusetan: 14 urtetik beherakoentzat, doan.