Busturialdea-Urdaibai eskualdeak 303,4 milioi euroko inbertsioa jasoko du
Agerraldia Gernikako elkartegian egin da, Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) talde eragilearen hirugarren bileraren ostean
Ostiral honetan goizean, uztailaren 18an, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek ezagutzera eman du Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker Busturialdea-Urdaibai eskualdeak 303,4 milioi euroko inbertsioa jasoko duela. Prentsaurrekoan Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok eta Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Estrategikoko zuzendari Aimar Ricok hartu dute parte baita ere.
Agerraldia Gernikako elkartegian egin da, Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) talde eragilearen hirugarren bileraren ostean. Talde horretako kide dira foru-gobernua, Eusko Jaurlaritza eta eskualdeko hogei udalerriak: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.
"Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lurralde-kohesioa eta eskualdeen arteko oreka lehentasun nagusietako bat dira. Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoa Bizkaia lehiakorragoa, orekatuagoa eta kohesionatuagoa izan dadin hartu dugun konpromisoaren erakusgarri da", adierazi du Elixabete Etxanobek.
Planak eremua eraldatzeko 13 proiektu eragile jasotzen ditu, 2030era arte 78,4 milioi euro erabiliko dituztenak. Proiektu bakoitza definitzeko, herritarrek, eskualdeko eragileek eta instituzioek parte hartzeko eta haiei entzuteko prozesu bat egin da. Bizkaiko Foru Aldundiak 54,4 milioi jarriko ditu, eta gainerakoa, 24 milioi, Eusko Jaurlaritzak. Gainera, kopuru horiei gogoeta-prozesu honetan lehentasunezkotzat jo diren proiektuetarako bi erakundeen aurrekontu arruntetan esleitutako zenbatekoak gehitu behar zaizkie. Proiektua gauzatzeko, 225 milioi euroko aurrekontua dago. Jarduera horiek, kasu askotan, 2030etik harago joan daitezke. Kasu honetan, foru-gobernuak 165 milioi euro jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak 60. Guztira, 303,4 milioi euroko inbertsioak jasoko ditu eskualdeak, Etxanobek iragarri duenez.
Busturialdea-Urdaibai EPEko 13 proiektu eragile
Ainara Basurkok eskualdeko ekonomia-, gizarte- eta hiri-garapena sustatzen duen EPEan bildutako 13 proiektu eragileen berri eman du. Proiektu horiek pertsonen bizi-kalitatea eraldatzeko eta hobetzeko gaitasuna dute, eskualdearen erronka espezifikoei heltzen baitiete, zeinak aurretiazko diagnostiko sakon batean identifikatu ziren.
Proiektuak zenbait eremutan sailkatuta daude: mugikortasuna eta konektibitatea; etxebizitza eta gizarte-kohesioa; sustapen ekonomikoa eta prestakuntza; aktibo naturalen eta kulturalen balioa, eta eskualdeko gobernantza.
Mugikortasuna eta konektibitatea
- Autzagane-Muxika errepidea hobetzea (11 milioi euro)
- Bermeoren eta Muxikaren arteko bidegorri-sarea handitzea (23,8 milioi euro)
- Garraio publikoa hobetzea eta trena indartzea (3,2 milioi euro)
Etxebizitza eta gizarte-zerbitzuak
- Talde kalteberei laguntzea eta tokiko enplegu-plana (3,1 milioi euro)
- Etxebizitza-sustapen publikoa (milioi 1 euro)
Sustapen ekonomikoa eta prestakuntza
- LHa indartzea Barrutialden eta Nautika Eskolan (3,4 milioi euro)
- Muxikako eskualde-industrialderako sarbideak hobetzea (14 milioi euro)
- Inamaren partzela berregokitzea (3,8 milioi euro)
- Oinarri teknologikoko industria-proiektu berriei laguntzea (2,5 milioi euro)
- Bermeoko portua eraldatzea eta ekonomia urdina bultzatzea (2,5 milioi euro)
Aktibo naturalen eta kulturalen balioa
- Jarduketak Santimamiñen, Foruan, Kantera Gorrian eta euskal emigrazioaren interpretazio-zentro berrian (6,4 milioi euro)
- Gernikako Merkatu plaza berriztatzea, hiri-, ekonomia- eta gizarte-eragile gisa (3,5 milioi euro)
Eskualdeko gobernantza
- Ekonomia garatzeko eskualde-agentzia bat sortzea
Proiektu estrategiko osagarriak
Proiektu eragileez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beste jarduketa estrategiko batzuk aurreikusten dituzte. Jarduketa horiek dagoeneko esleituta dauden aurrekontu arruntetatik ateratako 303,4 milioi eurorekin finantzatuko dira, eta eskualdearen garapen jasangarria eta lehiakortasuna indartuko dituzte. Besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira:
- Trenbidea modernizatzea (18 milioi euro)
- Muxikako eskualde-industrialde berria (12 milioi euro)
- Inamaren partzela berregokitzea (6 milioi euro)
- Bermeoko portua eraldatzea (3 milioi euro)
- Uraren saneamendu-sistema hobetzea (24 milioi euro)
- Hornidura-sistema hobetzea (56 milioi euro)
- Sollubeko errepidea hobetzea (66 milioi euro)
- Biosfera-erreserbako ingurumena lehengoratzeko jarduketak (40 milioi euro)
"Tokikotik haztea da herrialde gisa aurrera egiteko dugun modua. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko sei Eskualdeko Plan Estrategiko bultzatzen ditu foru aldundiekin eta udalekin lankidetzan, 2030erako eta 228 milioi euroko ezohiko inbertsioarekin. Euskadi kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta eraikiagoa guztiontzat", azpimarratu du Aimar Ricok, Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Estrategikoko zuzendariak.
Busturialdea-Urdaibai EPEa Eusko Jaurlaritzaren Lehentasunezko Jarduketa Eremuen (LJE) Programaren barruan dago, Enkarterrin, Ezkerraldea-Meatzaldea eskualdean, Debabarrenean eta Aiaraldean abian dauden planekin batera. Metodologia bera erabiliko da horiek guztiak taxutzeko eta jarraipena egiteko. Tresna biziak dira, urtero berrikusiko direnak, eta eskualde bakoitzaren benetako beharrizanetara egokituta daude. Eskualdeko amaierako ibilbide-orria udalerri guztietako alkateek berrikusiko dute (Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta), eta ekarpenak egin ahal izango dituzte behin betiko onartu aurretik.
Inbertsio honen bidez, instituzioek Bizkai osoaren garapen orekatu, integratzaile eta jasangarriarekiko konpromisoa indartuko dute.