Astelehen honetan goizean, uztailaren 7an, Sopelan sustatzen ari diren alokairuko 57 etxebizitza babestuak (BOE) bisitatu dituzte Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburu Denis Itxasok eta Sopelako alkate Guruzne Carrassonek.
Horrela banatuta daude: 33 etxebizitzako sustapen bat Loiola Ander Deuna kaleko 51n eta 24koa Telleri kaleko 1ean. Biak Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatuta daude, eta eraikuntza- eta urbanizazio-aurrekontu lotua (PEC, BEZik gabe) 8,5 milioi eurokoa izan da, eta 9,2 milioiko inbertsioa egin da guztira.
Ekitaldian, etxebizitza publikoaren arloan Sopela egiten ari den bultzada nabarmendu du sailburuak, Uribe Kostako eskualdeko udalerririk tentsionatuenetako batean. Etxebideren azken datuen arabera, 1.816 bizikidetza-unitatek eskatzen dute babes ofizialeko etxebizitza udalerri horretan, eta horietatik 1.071 alokairu-erregimenean inskribatuta daude (horietatik 526 erroldatuta). Horri erosketa-erregimeneko etxebizitzen 745 eskatzaile gehitu behar zaizkio. Ildo horretan, Itxasok aurreratu duenez, “bi sustapenak esleitzeko prozedura aurtengo udan hastea aurreikusita dago”.
Bestetik, Guruzne Carrassonek etxebizitza eskuratzearekin lotutako hainbat neurri abian jartzeko beharra azaldu du, “udalerrian eskaria gero eta handiagoa baita”. Abaroko Plan Partziala desblokeatzearen garrantzia ere aitortu du, eta horrekin, gaineratu duenez, “babes ofizialeko etxebizitza ugari jarriko genituzke herritarren eskura”. Ildo horretan, Carrassonek adierazi duenez, “Udalak dagoeneko erantzun dio eskariari, eta espero du ebazpena ahalik eta lasterren iristea”.
Alokairuko 33 BOEren sustapena, Loiola Ander Deuna kaleko 51n kokatua, Asu sektorean, berrikuntzaren adibide aitzindaria da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gauzatutako etxebizitza babestuaren industrializazio-maila handiena duen sustapena da, % 90era iritsi dena JIT Housing enpresa arabarrak garatutako moduluei esker. “Apustu irmoa egin dugu sustapen hau industrializatzearen alde. Modulu industrializatuetatik abiatuta eraikitako etxebizitzak dira, epeak % 50ean doitzeko, kalitatea eta zarata gutxiago bermatzeko eta langileentzako jasangarritasunean eta segurtasunean aurrera egiteko aukera ematen digun sistema”, nabarmendu du Itxasok.
Berrikuntza eta industrializazioa
Sustapen hori Lehia Elkarrizketaren formatuko Berrikuntzako Erosketa Publiko baten bidez garatu da. Formula hori orain arte ez zen ezagutzen Euskadin alokairuko etxebizitza publikoen arloan. Prozedura horri esker eraikuntza-prozesu industrializatuak ikertu eta baliozkotu dira, zuzendaritza fakultatibo, eraikitzaile eta industrializatzaileekin lankidetzan, eta horri esker etorkizuneko sustapenetarako estandarrak ezarri ahal izan dira. Eraikinak A kalifikazio energetikoa izango du, eta instalazio jasangarriak izango ditu, besteak beste, autokontsumorako panel fotovoltaikoak.
Antolaketa orokorrari dagokionez, elementu komunak optimizatzea izan da helburua, komunikazioen nukleo bakar bat sortuta, atari bakar batetik sartzeko. Diseinu horrek espazio komunak minimizatzeko asmoari erantzuten dio, funtzionaltasuna, mantentze-lanetarako erraztasuna eta segurtasuna lortze aldera. Blokearen orientazioak —fatxada nagusiak ekialdera eta mendebaldera begira daude— eta atzealdeko fatxadan patio ireki bat izateak etxebizitza guztien behar bezalako orientazioa eta eguzkialdia bermatzen ditu, eta aireztapen gurutzatua sustatzen du.
Instalazioei dagokienez, arreta berezia jarri da eraikuntza-soluzioen diseinuan, energia primarioaren kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko. Estalki lau bat egitea aurreikusten da, eta horren zati handiena autokontsumorako elektrizitatea ekoizteko panel fotovoltaikoak jartzeko erabiliko da, aurreikusitako instalazio termikoak elektrikoak baitira.
Eraikuntza-proposamenak egitura-sistema industrializatua hartzen du, tailerrean fabrikatutako altzairuzko egituradun modulu tridimentsionaletan oinarrituta. Modulu prefabrikatuak sotoko sabaiaren forja-lanean bermatuta ipintzen dira; horrela, moduluak mihiztatuta osatzen da proposatutako eraikuntza. Modulu horiek ia bukatuta iristen dira orubera —barrualdeko akaberak, arotzeriadun fatxadak, komunak, etab.— obra gauzatzeko epeak optimizatu ahal izateko.
Bestalde, eraikuntza-proposamenak bloke linealaren tipologiari erantzuten dio, eta proiektatutako 33 etxebizitzak 4 solairutan banatzen dira. Beheko solairuak eraikin-blokera sartzeko funtzioak, aparkalekua eta gela teknikoak hartzen ditu, eta hurrengo hiru solairuetan, hau da, solairu tipoetan, etxebizitzak eta komunikazio-nukleoa baino ez dira ezartzen. Etxebizitzetatik 6 dira logela 1ekoak; 23, 2 logelakoak —horietako bi egokituta— eta 4 etxebizitza 3 logelakoak. Logela bateko eta biko etxebizitzek bainugela osatua dute, eta hiru logelakoek, berriz, bi bainugela. Garbigailua komunean dago, etxebizitza egokituetan izan ezik, garbitoki independentea baitute. Kasu guztietan, sukaldea egongela-jantokian integratzen da.
Banaketa-eskemak aukera ematen du moduluak modu estandarizatuan errepikatzeko: 4 modulu 3 logelako etxebizitzetarako, 3 modulu 2koetarako eta 2 modulu logela 1ekoetarako. Horrek sistema industrializatuaren eraginkortasuna areagotzen du.
Lotutako urbanizazioari dagokionez, ahalik eta berdegune gehien jartzea dago aurreikusita, ondoko berdeguneei jarraipena eman eta oinezkoen zirkulaziorako gune babestuak sortzeko. Urbanizazioaren iragazkortasun bisuala aztertu du, eta horri esker ahalik eta gehien zabaldu da proiektatutako proposamenaren erabiltzaileen segurtasun-pertzepzioa eta genero-ikuspegiaren integrazioa.
Lurzoruari dagokionez, 2021eko ekainaren 30ean sinatutako hitzarmenean erabaki zen Sopelako Udalak bost partzela ematea Eusko Jaurlaritzari; trukean, G partzelan eraikitako 19 etxebizitza eman beharko dizkio udalari. Etxebizitza horien behin betiko kalifikazioa lortu eta azken balorazioa finkatu ondoren, hitzarmenaren oreka ekonomikoa bermatzeko behar den doikuntza egingo da.
BIEMEk eta XLARKek elkarrekin idatzitako eta Viuda de Sainz SLk eraikitako proiektuak 4.990.599,91 euroko eraikuntza- eta urbanizazio-aurrekontua izan du, BEZik gabe, eta 5.360.484,71 euroko inbertsioa guztira. Horietatik 1.390.719 euro (guztizkoaren % 21,56) Next Generation EU funtsetatik datoz. Gainera, udalak % 95eko hobaria aplikatu du EIOZen, eta Ordenantza Fiskalean ezarritako gehieneko hobaria hirigintza-zerbitzuengatik, obra-lizentziengatik eta bestelako zerbitzu teknikoengatik.
Telleriko babes ofizialeko 24 etxebizitzak, ikuspegi soziala duen bizitoki-soluzioa
Bisitatutako bigarren sustapena Telleri kaleko 1. zenbakian dago, Loiolako zeharbidearen eta Arrietara etorbidearen inguruan. 24 etxebizitzako bloke trinkoa da. Bestetik, sustapen horretan 190 m²-ko udal lokal bat eraikiko da eguneko zentro bat bertan kokatzeko, eta bi garaje-plaza lagako zaizkio, etxebizitzako erabilera eta zerbitzu komunitarioak barnean hartzeko udal estrategiari erantzuteko.
Lurzoruari dagokionez, 2021eko ekainaren 15ean, Sopelako Udalak eta Visesak hitzarmen bat sinatu zuten, eta, horren bidez, Udalak doan laga zion partzelaren jabetza osoa Visesari, errentamendura bideratutako Araubide Orokorreko Babes Publikoko Etxebizitzaren sustapen bat egiteko.
Era berean, Udalak erabaki zuen Visesari ekipamendu publikorako lokal bat erostea —zehazki, 190 m² eraiki inguruko (170 m² erabilgarri) eguneko udal-zentro bat— atxikitako bi garaje librerekin batera, guztira 130.568,96 euroko zenbatekoarekin, Udalak 2021ean jada Visesari ordainduak.
Etxebizitzak beheko solairu batean eta goiko hiru solairutan banatzen dira, eta tipologia hau dute: gela bateko 5 etxebizitza, bi logelako 13 (horietako bat egokitua) eta hiru logelako 6. Eraikinak eguzki-plakak ditu estalkian, elektrizitatea sortzeko eta ur bero sanitarioan laguntzeko; horrek lagundu egiten du multzoaren eraginkortasun energetikoan. Kasu honetan, etxebizitza batzuek bainugela industrializatuak dituzte, Arabako Indushouse enpresak egindakoak.
Eraikuntza eta urbanizazio lotuaren aurrekontua (PEC, BEZik gabe) 3.590.885,05 eurokoa izan da, eta sustapen horretan 3.866.459,62 euroko inbertsioa egin da guztira; horietatik 1.028.735 euro ( % 22,33) Next Generation funtsekin finantzatu dira. Proiektuak, gainera, EIOZren % 95eko hobaria izan du, udalak onura publikokotzat jo duelako. Proiektua Abitura Arquitectos SLPk idatzi du, eta Altuna y Uria SLk egin du eraikuntza.
“Premiazko” behar bati emandako erantzun zehatza
Bisitan, Itxaso sailburuak bi jarduketa horien garrantzia nabarmendu du. “Etxebizitza horiek premiazko behar bati emandako erantzun zehatza dira”, azpimarratu du. “Sopelan gero eta eskari handiagoa dago, batez ere gazteen artean, merkatu librean alternatiba eskuragarririk aurkitzen ez dutelako. 57 etxebizitza babestu horiekin aurrerapauso bat ematen dugu etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzeko. Eta ez bakarrik Sopelan, eskaintza hau benetako lasaitua izango baita aukera baten zain denbora daramaten udalerri mugakideetako familia askorentzat”, esanez amaitu du Itxasok.
Sopelako alkate Guruzne Carrassonek Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskertu du, eta adierazi duenez, “erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da Sopelan bizi dugun bizitoki-larrialdiari aurre egiteko, etxebizitzaren presioa bereziki handia baita bertan”.
Bi sustapen horiekin, hiri-garapenaren eredu inklusibo, jasangarri eta EAEko Hiri Agendaren helburuekin bat datorren baten alde irmoki lan egiten ari diren udalerrien artean finkatu da Sopela.