Getxoko Udalak baimena eman die irailaren 30era arte Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera bitarteko eremuaren (5. gunea) TAOko egoiliar-bereizgarria duten eta horren ordainketan egunean dauden pertsona guztiei Algortako 1. gunean ere aparkatzeko.
Beraz, TAOren 5. gunean aparkatzeko baimena duten egoiliarrek, askatasunez eta ordutegi-mugarik gabe aparkatu ahal izango dute bai gune horretan bai 1. Gunean, nahi duten moduan. 5. Gunean 528 plaza inguru ditu araututa, eta horietatik 56 egoiliarrentzat dira, batez ere Portu Zaharrean.
Neurriak hondartzaren eta, bereziki, Portu Zaharraren inguruan bizi diren pertsonei uda garaian eragiten dizkieten mugak arintzen ditu; izan ere, inguru hori hareatza- eta aisialdi-gunea denez, aparkatzeko eskaria bete egiten da, eguraldi onaren ondorioz edo inguruan antolatzen diren ekitaldiak (ekitaldi kulturalak, kontzertuak, jaiak, jolas-jarduerak...) eta ospakizunak egitearen ondorioz; batzuetan zirkulazio murrizketak ere eragiten dituzte bertan antolatutako ekitaldiek.
“Muga horiek ezinbestean eragiten diote hondartzaren inguruan bizi direnen egunerokotasunari, bereziki Portu Zaharrean bizi direnei; izan ere, biztanleria-dentsitate handiena eta aparkalekurik eza biltzen dituen espazioa da, batez ere ibilgailuen trafikora mugatutako oinezkoentzako gunea delako. Horregatik, Udalak azterlan batzuk egin ditu, eta, azkenean, salbuespenezko neurriak proposatu ditu uda iristean sortzen den arazoa konpontzeko eta inguruko bizilagunei irtenbide bat eskaintzeko”, adierazi du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.