Datorren ostiralean, uztailaren 11n, hasiera emango die Santurtzik jaie, Karmengo Amaren monumentuan egingo den omenaldi batekin. Hamar egunez kalejirak, lehiaketak, tailerrak eta beste hainbat eta hainbat ekintzaz gozatzeko aukera egongo da herrian, Udalak 130 jarduerez baino gehiagoz osatutako egitaraua prestatu baitu.

“Beti bezala, jai Batzordearekin, herriko elkarteekin, entitateekin, Santurtziko txosna-gunearekin, kultura-taldeekin, kirol-klubekin eta abarrekin aritu gara lankidetzan ahalik eta publiko zabaleneraino heltzeko jarduerak programatzean. Eskertzekoa da talde horien guztien inplikazioa, izan ere, euren lana izan ezean, ez zatekeen posible horrelako egitarau oparoa egitea. Talde horiek dira protagonista nagusiak, jaiak dinamizatzen dituzte eta gure herria 10 egunez biziberritu eta kolorez janzten dute” adierazi du Karmele Tubilla Santurtziko alkateak.

Esan bezala, hamar jai-egun hauetan Santurtzik 130 jai-ekitalditik gora eskainiko ditu publiko ororentzat. Eta horrez gain, hogei bat kontzertu eta antzerki-saio, bai Serantes Kultur Aretoan eta bai kalean. Besteak beste, honakoak ikusi ahal izango dira: “La última y nos vamos”, “Claudette”, “Encuentro jurásico” haurrentzako antzerkia eta areto barruan “Una madre de película” Toni Acostaren eskutik. Gainera, aurten bertso saioa egingo da igandean, hilak 13, Gernika parkean.

Aurten ere, jaiek hasiera bikaina izango dute. Oraingo honetan omenaldia Karmengo Amarekin egongo da lotuta, 75 urte baitira monumentuaren lehenengo harria jarri zela. Horiek horrela, Karmengo Ama eramaten duten kideei egingo zaie omenaldia, “Justino eta bere mutilei” hain zuzen, 45 urte baitira sorbaldan eramaten dutela prozesioaren egunean. Bestalde, udalerriko merkatari-elkartea ere omenduko da 25 urte baitaramate Santurtziko kaleak kolorez janzten. Egun horretan bertan, arratsaldean Itsasalde eta Juan XXIII kaleetako ostalaritza-lokaletan 1.000 kilo sardina baino gehiago erreko dira; eta urtero legez, doan eskainiko zaizkie santurtziarrei zein inguruko herrietatik etorritako lagunei kalean bertan jan ditzaten.

Karmengo jaietako kontu erakargarri eta interesgarrienetako bat gauero eskaintzen diren doako kontzertuak dira. Arrantza portuan izaten dira, eta gune berezi bat izaten dute egokituta mugikortasun urria (gurpildun aulkia) duten herritarrek, eurak ere kontzertua ikusteko aukera izan dezaten modu egoki eta erosoan. Mugatutako gune horretara sartu nahi dutenek ADISA elkartearekin jarri behar dute harremanetan sarbidea lortzeko.

Aurten honako kontzertu hauek eskainiko dira:

  • Uztailaren 11n, ostiralarekin, “Krypton” orkestrak kontzertuen txandari emango dio hasiera.
  • Uztailaren 12an, larunbatarekin, Los Niños de Jesus, Jordi Ëvole kazetariak eta bere lagunek osatutako taldea ez ezik, ACMUSIC Serantes Kultura Elkarteak hautatutako bandak ere ikusiko ditugu.
  • Uztailaren 13an, igandearekin, “Unión Musical Vizcaína” Santurtziko Musika Bandak, Jaime Martínezen zuzendaritzapean, kontzertua eskainiko du. Aurten ere luxuzko gonbidatuek lagunduta: Danza Invisible, La Frontera eta La Guardia, Estatu Espainarreko pop-rock talde garrantzitsuak hirurak. Ikuskizuna Rock & Roll Star jaialdiarekin lankidetzan antolatu da.
  • Uztailaren 14an, astelehenarekin, Chenoak abestuko du oholtza nagusian.
  • Uztailaren 15ean, asteartearekin, Gatibu talde ikoniko euskalduna izango dugu, rock musika zuzenean eskainiz.
  • Uztailaren 16an, asteazkenarekin, Rosariok flamenkoa, pop-a eta erritmo latindarrak uztartutako musikaz blaituko du Santurtzi bere egun nagusian.
  • Uztailaren 17an, ostegunarekin, “The Flying Rebollos” Bilboko banda ikusiko dugu, 25 urte eta gero musika-eszenara itzuli den taldea.
  • Uztailaren 18an, ostiralarekin, gazteenei eskainitako taldeak izango ditugu. Hasteko Oihan Veda DJ-a dagoeneko erreferentea horrelako formatuetan, eta amaitzeko Süne, Huntza taldeko kantari ohia. Orain bera bakarrik arituko da eta estilo fresko eta garaikidea eskainiko digu.
  • Uztailaren 19an, larunbatarekin, Vulcano orkestraren eskutik etorriko da aurtengo jaietako azken kontzertua , gaur egungo errepertorioa, dantza eta eszenaratze bikainarekin.

Herriko banden kontzertuak

Herriko banden emanaldia uztailaren 12an izango da, larunbatarekin, gaueko 10:00etan pantalanetan. Bandak “ACUMUSIC” Musika eta Kultura elkarteak hautatu ditu eta honako hauek dira: Los Colajets, Patxa eta Kotta.

Itsas prozesioa

Karmen Egunean jaietako ekitaldi nagusia ospatuko da, itsas-prozesioa. Gauza jakina denez, herriko jaien nortasun-ikurra da bera, ehun urtetik gora duen tradizio hunkigarria alegia. Oso ekitaldi jendetsua izaten da, izan ere, 30.000 lagunetik gora hartzen dute parte. Ibilbidea 18:00ak aldera hasiko da udaletxean. Portura helduta, Karmengo Amak itsasorainoko bidea egingo du ehun bat ontzik lagunduta, hil diren herriko arrantzaleei lore-eskaintza egiteko. Gainera, egun horretan su artifizialak egongo dira, Burdinazko Kaian botako dira 22:30ean.

Santurtzi eta Melideren arteko senidetzea

Santurtzi bere tradizioari, kulturari eta sustraiei estu lotuta dagoen herria da, Galiziako Melide bezala. Biek ala biek harreman estua sortu dute, baina ez dira kasualitatez senidetu, Santurtzik beti izan baitu oso harreman berezia lur galiziarrekin. Izan ere, gure udalerriko Galiziako Etxea 1969an sortu zuten dozena bat etorkin galiziarrek, eta urtetik urtera hazi egin da, betiere bere tradizioei eutsiz eta horiek harro erakutsiz.

Horregatik, uztailaren 19an, larunbatarekin, omenaldia eskainiko zaio senidetze horri. Bertan Santurtziko taldeak egongo dira, eta horiekin batera Os Meliados musika tradizionala jotzen duen taldea eta A Maristela talde folklorikoa, zeinak Galiziako kultura tradizionalean oinarritutako errepertorioa eskainiko duen.

Udalerriko kuadrillen parte hartzea

Itziar Carrocera Kultura Eta Euskara Arloko zinegotziak aipamen berezia egin die kuadrillei. Aurten helduen 85 kuadrillek eman dute izena eta umeen 21ek. Carrocerak esan bezala, “jaietako erreferente itzela da kuadrillena, giro ona eta alaia sortzen dute; eta gainera, inplikazio handia izaten dute jai-egitarauan. Egunero egiten diren probetan hartzen dute parte eta Gorka sarien banaketan ere protagonismo berezia izaten dute. Huraxe da, Gorka sarien banaketa, Mentxu agurtu aurretik egingo den azken ekitaldia, hilaren 20an, igandearekin. Gainera, ekitaldi horretan bertan hiru kuadrillari egingo zaie omenaldia, Ekihotz, Akelarre eta 20 de Katxisei hain zuzen.

Jai hauek bultzada ekonomiko handia ekartzen dute herrira, hamar egunez 300.000-400-000 bat lagun batzen baititu, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina du kaleko ekonomian.​