45 urtetik gorako Ondarroako 30 emakumek, Andrak Erramutan taldeko kideek, beren II. Itsas erronka feminista burutuko dute asteburuan, arraunean eta traineruan emakumeak ikusarazteko asmoz. Miren Urresti taldeko kideak azaldu duenez, “urtebeteko lanaren eta entrenamenduaren emaitza da”.
Iaz, 2024an, itsas erronka Ondarroatik eta Donostiara heldu zen eta aurten, “Ondarroatik eta Bilbora goaz, 74 kilometro, 42 mila, iazkoaren bikoitza, eta buelta egingo dugu, etxeko bandan. Guztira, 150 km, 84 mila”.
Erronka uztailaren 4an hasiko da, goizeko 08.00etatik aurrera, Ondarroatik Bilbora abiatuz. Larunbatean, 10.30ean, Bilboko Abandoibarran, Zirgariak omenduko dituzte, estatuak dauden lekuan, eta 11.30ean ekitaldi publiko bat egingo da Itsas Museumaren aurrean. Ondoren, 13.00etan Bermeora abiatuko dira.
Erronka igandean amaituko da, Lekeitiora abiatzen direnean hortik Ondarroara itzuliko dira eta bertan ongietorria egingo zaie Itsasaurre plazan.
Andrak Erramutan taldea 2023an sortu zen eta 45 urtetik gorako 30 emakumek osatzen dute, denak ondarrutarrak. Helburua itsasoa hartu eta kostaldeko iruditegia eraldatzea da eta horretarako trainerua eta arrauna erabiltzen dute.
Urteko erronka prestatzeaz gain herriko jarduera ezberdinetan parte-hartzen dute, eta kostaldeko beste herri batzuetara ere hurbiltzen dira, beren dokumentala erakutsiz eta horrela kontzientzia sortuz, eta “aurten Trintxerpe estropadetan ere hartu dugu parte, beteranoen ligan” azaldu digu Urrestik.