Síguenos en redes sociales:

Sarrikobaso-Azkorri tarteko bizikletentzako erreiaren seinaleztapena berrituko da

Proposatutako seinaleztapena beste udalerri batzuetan ere erabiltzen dena da, hala nola Bilbon edo Leioa

Uztailaren hasierarekin batera hasi egin ditu Getxoko Udalak Maidagan eta Zientoetxe kaleen bidez Sarrikobaso eta Azkorri lotzen dituen bidegorriaren seinaleztapena berritzeko lanak. Proposatutako seinaleztapena beste udalerri batzuetan ere erabiltzen dena da, hala nola Bilbon edo Leioan, bizikletentzako errei edo kalearen konfigurazioan, edo eskuarki bizikleta-kalea esaten zaiona.

Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialak (BBBLPS) bidegorri mota hori seinaleztatutako bide partekatu edo misto gisa definitzen du. Bizikleta-azpiegitura txikia da, eta behar bezala tratatutako, seinaleztatutako eta egokitutako bide edo galtzada da. Dentsitate motorduna txikia delako eta/edo trafikoa motela delako, ibilgailu motordunekin batera bizikletaz ibiltzeko aukera ematen du, beste bizikleta-bide batzuetako bereizte-maila eta muga fisikorik gabe, baina bizikleta-zirkulazioa lehentasunez markatuta eta/edo identifikatuta, gainerako erabileren aurrean ahaldunduta. Kale horietan abiadura 30 km/h-ra mugatuta dago, eta, horrela, ibilgailu bat erreitik zirkulatzen ari denean eta pertsona bat bizikletan dabilela ikusten duenean, pertsona hori gainditu ahal izango du, segurtasuneko alboko distantzia mantenduz.

"Jarduera hau Udalak mugikortasun eredu jasangarriago, seguruago eta atseginago baterantz aurrera egiteko duen konpromisoaren barruan kokatzen da. Bizikleta-sare baten alde egiten dugu, bizikletaz egunero egiten diren joan-etorriak erraztuko dituena eta garraiobide osasungarri eta ez-kutsatzaile gisa duen erabilera indartuko duena. Horrelako seinaleekin, beste urrats bat emango dugu Getxo irisgarriago baterantz, non espazio publikoa mugikortasun modu desberdinen artean partekatzea posible eta segurua izango den. Errespetuz mugitzen den eta herritarren bizi-kalitatea erdigunean jartzen duen hiri batean sinesten dugulako", azpimarratu du Iñigo Urkitza Ingurumen zinegotziak.

Sarrikobaso-Azkorri bizikleta-kalea seinaleztatzeko jarduketa udal brigadek egingo dute, eta 3.964 metro linealeko esku-hartzea izango da bi noranzkoetarako (1.932 metro Zientoetxe kalean, 1.424 metro Maidaganen eta beste 1.424 metro Peña Santa Marinan).

Aipatutako bideaz gain, Maidaganetik Andra Mari Ikastetxe Publikora eta Getxo III-Aixerrota Institutura doan Peña Santa Marinako tarteak ere horrelako seinaleak izango ditu.

Azkenik, Udalak arretaz gidatzeko eskatu du gune horretatik zirkulatzerakoan, udal langileak inguru horretan lanean ari direlako.