Síguenos en redes sociales:

Hiriko Soinuak lehiaketaren zazpigarren edizioa antolatu du Barakaldok

Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea uztailaren 23ra arte egongo da zabalik

Hiriko Soinuak lehiaketaren zazpigarren edizioa antolatu du BarakaldokBARAKALDOKO UDALA

Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Barakaldoko Udalak martxan jarri du Euskadi mailan artista berriak bilatzeko helburua duen Hiriko Soinuak lehiaketaren zazpigarren edizioa. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz gain, BBK gehituko da aurten, Berdintasun sariari izena emanez. Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea uztailaren 23ra arte egongo da zabalik.

Sarien artean, Gaua Produccionesen estudioetan disko bat grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea, kategoria nagusiko talde irabazlearentzat eta Barakaldoko talde onenarentzat. BBK-Berdintasun eta Euskara sarietako irabazleek, ordea, 4 abestiko EP bat grabatuko dute.

Barakaldo, BBK-Berdintasun eta kategoria nagusiko bederatzi finalistek zuzenean joko dute irailaren 27an San Bizente parkean egingo den finalean. Epaimahai profesionalak erabakiko du, zuzenean, Euskarazko talderik onena.

Lehiaketako lau kategorietako proiektu irabazleak urriaren 24an eta 25ean arituko dira Herriko plazan egingo den festibalean, Estatu mailan ibilbide ezaguna duten taldeekin batera. Finala eta jaialdia doakoak izango dira. Zazpigarren ediziora iritsita, Hiriko Soinuak ezarri zitzaizkion helburuak betetzen dituen proiektu kontsolidatua dela esan daiteke.

Lehiaketak 140 izen-emate baino gehiago izan ditu azken hiru edizioetan, kopuru oso ona antzeko beste lehiaketa batzuekin alderatuta.

Barakaldoko ordezkariak 30 parte-hartzaileen bueltan mantentzen da, beste datu aipagarri bat. 2024an 46 euskal taldek eman zuen izena eta gure buruari Berdintasuna-BBK Fundazioa sarirako hautagai kopurua hobetzea eskatzen badiogu ere, azken urteotan Hiriko Soinuak ekimenak ikusgarritasun nabarmena eskaini die emakumeak buru zituzten proiektuei: Sara Zozaya, Maider Legarreta, Cenizafragua, Mad, Eva Martín edo Deñe bakarlariak saritu ditu, besteak beste. Azken honek, gainera, sari nagusia irabazi zuen.

Guzti honi doako finalak eta festibalak 5.000 pertsona inguru bildu izana gehitu behar zaio, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan izandako eragin positiboarekin. Oihartzun mediatikoaren atalean, komunikabide tradizionaletan ehun agerpen inguru lortu dira eta sare sozialetan, milioi bat pertsona inguruko irismena.

Aurten ere oso gogotsu gaude Hiriko Soinuak ekimenak albiste onak ematen jarrai dezan, aurreko sei edizioetan bezala", adierazi du Jonathan Martin Barakaldoko Udaleko Gazteria zinegotziak.

Nola parte har daiteke?

Barakaldoko Udalaren webgunean dagoen izen-emate fitxa bete eta hirikosoinuak@gmail.com helbidera bidali uztailaren 23a baino lehen (23a barne), mp3 formatuko 2 abestirekin, promozio-argazki batekin eta proiektuaren biografiarekin batera, eta taldekideen NANaren edo errolda-ziurtagiriaren fotokopia, jatorria EAEkoa dela egiaztatzen duena. Gutxienez Barakaldon erroldatutako kide bat dutela egiaztatzen duten musika-proiektuek Barakaldoko Artista Onenaren saria jasotzeko aukera izango dute, baita gainerako kategorietakoak ere (behean adierazitako baldintzak betez gero). Taldekideen % 50, gutxienez, emakumeak direla egiaztatzen duten musika-proiektuek BBK-Berdintasun Saria lortzeko hautagai izango dira, gainerako kategorietan parte hartzeaz gain (behean adierazitako baldintzak betetzen badituzte).

Kategoriak eta sariak

Kategoria nagusiko artistarik onena

  • Disko bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.
  • Emanaldia Hiriko Soinuak jaialdian

Barakaldoko artistarik onena

  • Disko bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.
  • Emanaldia Hiriko Soinuak jaialdian

BBK-Berdintasun saria

  • 4 abestik osatutako EP bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.
  • Emanaldia Hiriko Soinuak jaialdian

Euskarazko artistarik onena

  • 4 abestik osatutako EP bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzea Gaua Produccionesen estudioan.
  • Emanaldia Hiriko Soinuak jaialdian