Aste honetan ireki egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak Karmengo jaietan ospatuko den eta dagoeneko tradizionala den Marmitako Lehiaketan izena emateko epea. Aurten uztailaren 19an ospatuko da, eta ekitaldian parte hartu nahi dutenek uztailaren 9ra arte izango dute epea.

Izen-emateak

Lehiaketan parte hartzeko interesa duten talde guztientzat dago zabalik, eta izena emateko epea astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:30era izango da, uztailaren 9ko 13:00ak bitarte. Izen-emateak Zelaieta Zentroan edo online egin ahal izango dira, azken kasuan, Udalaren webgunean, “Izen-emateak” atalean. 

Talde bakoitzak arduradun bat izendatu beharko du, izen-ematea kudeatzeko eta Udalak emandako materiala (mahaiak, aulkiak) jasotzeko. Pertsona hori bera izango da, behin lehiaketa amaituta, Udalak utzitako materiala behar bezala bueltatzearen arduraduna. 

Espazioen zozketa

Esan bezala, Marmilako lehiaketak talde ugari batzen ditu urtero eta horrenbestez, beharrezkoa izaten da talde bakoitzaren kokapena zozketatzea. Talde bakoitzeko kokapen edo espazio hori zozketa publiko bidez esleituko da. 

Zozketa uztailaren 14an, 12:00etan egingo da Zelaietako Auditorioan. Espazioak parte-hartzaileen kopuruaren arabera sailkatuko dira hiru kategoriatan: A, talde txikientzat; B, talde handientzat; eta C, Challengeko taldeentzat. Talde bakoitzak zozketan egokitutako lekua hartu beharko du, salbuespenik gabe.

Materiala eta antolakuntza

Antolatzaileek Challengean parte hartzen duten gazte-taldeei baino ez diete emango hegaluzea, mahai-tresneria eta ogia. Gainerako taldeek beren materiala jarri beharko dute. 

Mahaiak eta aulkiak mapan esleitutako lekuetan entregatuko dira, 10:30etik 13:00etara, eta 13:00etatik 19:30era bitartean. Ezinbestekoa da taldeek antolatzaileen jarraibideak jarraitzea une oro. Sari banaketa, halaber, 14:30ean izango da, Zubiondo plazan.

Lehiaketan zehar sor daitezkeen gorabeherak konpontzeko Batzorde Antolatzaile bat egongo da, Zornotzako Gazteak taldeko bi kidek eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko bi ordezkarik osatua.

Informazio gehiago eskuratzeko, deitu Zelaieta Zentrora 94 6300650 telefonora edo idatzi zelaieta@amorebieta.eus helbide elektronikora.