Urtero bezala, kalitatezko turismo jasangarriarekin duen konpromisoa berrituko du Bermeok aurten ere bat aste honetan aurkeztu berri duen udako denboraldi honetarako eskaintza turistikoan. Horrekin ingurunea errespetattuko du eta tokiko ondare natural eta kulturalari balioa emango die. Proposamena anitza eta aberasgarria da, eta adin guztietara egokitua dago.

Aurtengo udako eskaintzan berrikuntzak ere badaude. Urdailifek antolatuta, esaterako, Ortube itsasontzira bisitak egin ahalko dira. Euskal itsas ondarea eta Bermeoko nortasuna eratu duen arrantza-tradizioa gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen duten bisitak dira. Gainera, uztailaren 24an (eguena), zesta punta erakustaldia egongo da, 11:00etan, Artza frontoian. Erakustaldi horrek, Euskal Herriko kirol tradizional ezagunenetako bat bertatik bertara bizitzeko aukera emango die bisitariei eta herritarrei. Erreserba telefono hauen bidez egin daiteke: 628 48 85 31 edo 688 61 70 38. Talderen batek beste egunen batean erakustaldi batez gozatzeko interesa izango balu, aukera egongo litzateke.

Udako programak adin, interes eta bidaiatzeko erritmo guztietara egokitutako jarduerak biltzen ditu:

  • Gaztelugatxeko San Juanera doan autobus eta gida zerbitzua (uztailaren 4tik abuztuaren 29ra). Egunero (uztaileko domeketan izan ezik) irtengo dira Bermeoko erdigunetik, eta gidari espezializatu batek  ematen ditu azalpenak. Euskal Herriko lekurik esanguratsuenetariko batera modu eroso eta jasangarrian iristeko aukera eskaintzen da.
  • Itsasoratzen gara proposamenaren barruan itsas irteerak. Bermeoko kostaldea itsasotik ezagutzeko eta itsas-ingurunearekin lotura zuzena bizitzeko aukera ematen duten itsas paseoak.
  • Arrantzaleen Museoa, emakume zamaketariei eskainitako aldi baterako erakusketarekin. Portuko lan-historian emakumeek izan duten egunerokotasunari buruzko beharrezko ikuspegia eskaintzen duena.
  • San Frantzisko eliza eta bere klaustroa egunero zabalik egongo dira; herriko ondare-gune garrantzitsuenetako bat lasai ezagutzeko aukera ematen du.
  • Alde Zaharretik bisita gidatuak, hainbat hizkuntzatan eskainita, herriaren historia, arkitektura eta eguneroko bizimodua ezagutu gura dutenentzat aproposak.

Bermeok turismo jasangarriaren aldeko apustua berresten du, bisitetarako garraio publikoaren erabilera sustatuz, talde txikietan egiten diren bisita gidatuak bultzatuz eta egiazkotasunean, ingurumen-errespetuan eta tokiko ekonomiaren sustapenean oinarritutako programazio bat eskainiz.