Síguenos en redes sociales:

Elorriok 2026ko aurrekontu parte-hartzaileetarako proiektuak aurkezteko epea ireki du

Aurrekoetan bezala, aurten ere 50.000 euro erabiliko dira udal-aurrekontutik

Azken urteetan bezala, Elorrioko Udalak 50.000 euroko aurrekontua erabiliko du udal-aurrekontutik herritarren aldetik babes handiena lortzen duen proiektua aurrera eramateko. Bada, aste honetan bertan ireki berri du 2026ko aurrekontu partehartzaileen prozesuaren lehenengo fasea. Horrek esan nahi du herritarrek euren proposamenak egin ahal dituztela jada. Bigarren fasean, aldiz, proiektu horien bozketa egingo da.

Orain proposamenak biltzeko fasea abiatuko da, eta, ondoren, bildutako informazioa aztertu eta proiektuak lehenesteko faseari ekingo zaio. Lehen fase honetan parte hartzeko epea ekainaren 22ra arte luzatuko da.

Parte hartzeko hainbat bide ahalbidetu dira, ahalik eta herritar gehienek proposamenak helarazteko aukera izan dezaten. Alde batetik, aurrez aurre parte hartu ahal izango da Udaletxeko eta Kultur Etxeko postontzien bidez, eta, bestetik, online bidez, webgunearen edo QRaren bidez formularioa beteta. Esku-orri informatiboa etxez etxe banatzen dabiltza.

Prozesuaren gaineko informazioa aurrez aurre azaltzeko, ekainaren 13an, ostirala, bi teknikari igaroko dira udalerriko eremu desberdinetatik, prozesuaren berri emanez eta parte hartzea erraztuz.

Lehen fase horren ondoren, jasotako proposamen guztiak udal-zerbitzu teknikoek aztertu eta baloratuko dituzte, eta bigarren fasera igaroko dira ezarritako irizpideetara egokitzen direnak. Bigarren fasean, hautatutako proiektuen artean bozkatuko dute herritarrek, 2026an gauzatuko dena aukeratzeko.

Udalak prozesuan modu eraikitzailean parte hartzeko deia egin die elorriar guztiei, herria guztion artean hobetzen lagunduko duten proposamenak eginez.