Uztailaren 11tik 20ra bitartean, Karmengo jaiak ospatuko ditu Santurtzik. Hain berezia den data horretarako hilabete eta erdi falta bada ere, Udalak jaietako egitaraua osatuko duten kontzertuak eman ditu ezagutzera. Lehen mailakoak eta ospe handiko artistak den-denak, bertokoak nahiz estatu mailakoak. Kontzertuek, urtero legez, adin eta gustu guztientzako antolatutako egitarau anitza osatuko dute.

Karmele Tubilla Santurtziko Alkateak adierazi duenez, “Karmengo jaiak, gure nortasunaren adieragarriak eurak, erreferente izatera heldu dira duten giro aparta eta egitarau anitza dela eta, baina, batez ere, gure kuadrillen eta herritarren parte hartzeagatik. Taldeko espiritu horrek egiten ditu bereziak, bakarrak. Aurten ere goraipatu eta eskertu behar dut Kultura Arloan egin den lan eskerga, denen gustu eta adinetarako eta lehen mailako musika emanaldiak antolatzeko”.

Jaietako lehenengo kontzertua uztailaren 11n izango da, ostiralarekin. Krypton Orkrestak motorrak martxan jarri eta giroa berotuko du azken hamarkadetako kanta arrakastatsuak eskainiz.

Uztailaren 12an, larunbatarekin, Los Niños de Jesus taldea izango dugu oholtzan, Jordi Évole kazetariak eta bere lagunek osatutako banda. Egun horretan bertsioak, umorea eta giro ona izango dira nagusi. Talde horrez gain, Serantes Musika eta Kultura elkarteak (ACMUSIC) aldez aurretik hautatu dituen herriko banda batzuek ere joko dute.

Uztailaren 13an, igandearekin, Union Musical Vizcaina – Santurtziko Musika Bandak, urtero legez, kontzertua eskainiko du, oraingo honetan Jaime Martinezen gidaritzapean eta, beti bezala, luxuzko gonbidatuz lagunduta: Danza Invisible, La Frontera eta La Guardia, hirurak punta-puntako taldeak Espainia aldeko pop-rockean. Ikuskizuna Rock&Roll Star jaialdiarekin lankidetzan antolatu da.

Uztailaren 14an, astelehenarekin, Chenoak hartuko du oholtza. Karisma handidun ahotsaren jabe, bere kantarik arrakastatsuenak ez ezik, berriki egin duen lana ere aurkeztuko digu pop munduko kantari ezagunak.

Uztailaren 15ean, asteartearekin, Gatibu talde euskaldun ikonikoaren txanda izango da, bera izango baita rock-ukitua ekarriko duena zuzenean beti eskaintzen duen indarraren bitartez.

Uztailaren 16an, asteazkenarekin, Rosariok jai-gunea blaituko du flamenkoa, pop-a eta erritmo latindarren arteko uztarketarekin.

Uztailaren 17an, santurtziarrek The Flying Rebollos taldea gozatuko dute, 25 urte eta gero musika-mundura itzuli den Bilboko taldea, banda askoren erreferentea izandakoa, bai Ezkerraldekoak, bai Bizkaikoak eta bai estatu osokoak.

Uztailaren 18ko gaua, ostiralekoa, herritar gazteenei eskainiko zaie. Oihan Vega DJ-ak emango dio hasiera kontzertuari, bera baita euskal musikako DJ ezagunenetako bat; eta amaiera Süneren eskutik etorriko da. Huntza taldeko kantari ohiak gaur egun bakarka dihardu, baina betiko estilo fresko eta garaikidea erakutsiz.

Uztailaren 19an musikaz jantzitako aste trinko honi amaiera emateko Vulkano Orkresta izango dugu, zeinak gaur egungo errepertorioa, dantza eta eszenaratze potentea uztartuko dituen emanaldi ikusgarrian.

Gogoan izan behar da, urtero legez, jai guneak mugikortasun urria dutenentzako esparru bat izango duela, modu horretan, bermatu egingo da herritar horien irisgarritasuna eta erosotasuna, nahi izanez gero, kontzertuak goza ditzaten.

“Kontzertuen egitarau honetan, publiko ororen gustukoak izango diren estilo anitzetako artistak ekarri nahi izan ditugu. Talde euskaldunak eta emakume kantariak ere aintzat hartu ditugu, eta horrela egitarau ezin anitzago eta zabalagoa lortu dugu” adierazi du Itziar Carrocera Kultura, Euskara eta Kiroletako zinegotziak.