Gizarteguneren 31. edizioa ospatu da
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatu du jardunaldia
Gaur, Deustuko Unibertsitateko auditoriumean, Gizarteguneren edizio honetan, hogeita hamaikagarren edizioa bete du Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen hausnarketa-foro horrek. Jardunaldia, «Gizarte-zerbitzuak erkidegoa eta bizitza zaintzen» lelopean, gizarte-arloko teknikariak, erakundeetako ordezkariak, eta ordezkari akademikoak eta profesionalak bildu dira, gizarte-zerbitzuen eginkizunean sakontzeko, zainketa-sare publikoko funtsezko eragileak dira eta.
Ekitaldia ikastaro honen laugarren edizioaren itxiera ere bada: Bizkaian gizarte inklusioan esku hartzen duten langileentzako oinarri kontzeptualak, etikoak eta metodologikoak. Konplexutasun handiko egoeretan kolektibo kalteberekin lan egiten dutenentzako prestakuntza da, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatua, Deustuko Unibertsitatearekiko lankidetzan.
Gizartegunearen irekieran, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatu Teresa Laespadak azpimarratu duenez, lehentasunezko lerroan lan egiten dutenak zaintzeko betebeharra ere badugu. Gizarte justu batek ez du soilik babesten laguntza behar dutenak, baizik eta egunerokotasunetik gizartea sostengatzen dutenak aitortu eta babesten ditu. Ikastaro hau amaitu duzuen profesionalak funtsezko piezak zarete prozesu oso honetan, erakunde publikoetatik laguntza gehien behar dutenengana iristeko. Bizi-proiektuak berrezarri nahi dituzten pertsonak dira horiek.
Formazio honetatik 350 profesional inguru igaro dira dagoeneko. Hirugarren sektorearen eta esku-hartze hau egiten duen langile guztiaren eskutik, estrategia bera partekatuz, jarduera integratuago bat bilatzen dugu, indarrak eta ezagutzak batuz, gehitu du. Hori guztia dela eta, bereziki pozik nago orain dela hiru ikasturte Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustuko Unibertsitatearen artean ezarritako lankidetzarekin, sektoreko profesionalentzako metodologia prestakuntza eta hausnarketa errazteko, amaitu du.
Foru-diputatuarekin batera, prestakuntza-programa horretarako lankidetza akademikoaren ordezkari gisa, Deustuko Unibertsitateko errektore Juan José Etxeberriak eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekano Isabel Rubiok ere hartu dute parte. Amaieran, erreferentziazko azterketa- eta eztabaida-gune bihurtu da.
Jardunaldian, zainketei ikuspegi batetik baino gehiagotatik helduta, maila akademiko handiko hiru hitzaldi eman dira:
Hasteko, Deustuko Unibertsitateko katedradun emeritu Xabier Etxeberria Mauleonek, egitarauaren hasieran, hitzaldi hau eman du: "Aporofobia (behartsu edo babesgabeei fobia izan), ikuspegi etikotik". Bertan, aditzera eman du deshumanizatzeko arriskua dagoela, baldin eta normalizatzen badugu pobrezian dauden pertsonak baztertuta egotea, eta etika publiko inklusiboaren alde agertu da.
Ondoren, Extremadurako Unibertsitateko doktore Verónica Sevillano Monjeren hitzaldian, kalteberatasun-egoeran dauden gazteei arreta ematea izan da ardatza, eta Andaluziaren eta Kataluniaren arteko ikuspegi alderatua eman du. Izenburu honen ildotik: «Gure gazte kalteberak direla eta, zer egin? Babesetik inklusiora», nabarmendu du garrantzitsua dela autonomian eta integrazio komunitarioan oinarritutako ereduetarantz aurrera egitea.
Azkenik, Valentziako Unibertsitateko doktore Encarna Canet Benaventek gai honi heldu dio: "Indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten emakumezko profesionalen osasuna". Izan ere, nabarmendu du zer-nolako arrisku fisiko eta emozionalak dauzkaten esparru horretan esku hartzen dutenek, eta beharrezkoa dela gizarte-zerbitzuek berek autozaintzarako egiturazko mekanismoak ezartzea.
Edizio honetan, Gizartegunek berretsi du gune kontsolidatua dela Bizkaiko gizarte-zerbitzuen gaineko pentsamendu kolektiborako. Gorroto-, aporofobia-, arrazakeria- edo matxismo-diskurtsoak gizarte-kohesioa arriskuan jartzen duten garai honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak babestu nahi du zainketek politika publiko zentralean daukaten balioa, eta aintzat hartu nahi du gure lurraldean gizarte-inklusioko sarea sostengatzen dutenen lana.