Aldundiak omenaldia egin dio Lauaxetari, idazlearen jaiotzaren 120. urteurrenean
Gaur omenaldiaren ekitaldia egin da, Laukizen, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia buru dela. Ekitaldi hunkigarria familia-giroan egin da, eta, bertan, ordezkari instituzionalak izan dira
Bizkaiko Foru Aldundiak Estepan Urkiaga Basaraz (Lauaxeta ezizenaz ezagunagoa) poetaren jaiotzaren 120. urteurrena ospatu du gaur. Horretarako, ekitaldi beroa egin da Laukizen, idazlea jaio zen etxean (gaur egun udaletxea da).
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia izan da omenaldiaren buru, eta bertan, poetaren senideak eta erakundeetako ordezkariak egon dira. Gainera, Antton Valverderen eta Eñaut Elorrietaren musika-emanaldiak izan dira eta Lauaxetaren bertsoetan inspiratutako kantak entzun ahal izan ditugu.
Bere hitzaldian, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Lauaxetaren figura nabarmendu du bizkaitar peto-petoa, bigarren errepublikako hiritar jakintsu, gizarte-eragile bultzatzaile, belaunaldi horretako pertsona goren mailakoa. Izan ere, inork gutxik bezalako eragina izan zuen garai horretako politikagintzan eta euskalgintzan, betiere, erantzukizun sakonez, kontzientzia argiz eta leialtasun irmoz. Eta memoria egitearen eta transmisioaren balioa azpimarratu du Euskadiren eraikuntzan aurrera begira jarrita gaudelako atzera ere begiratu beharrean gaude. Ez nostalgiaz. Eraikitzaile proaktibo izan nahi badugu, beharrezko zaigu iraganaren berri zehatza izatea.
Bestalde, ekitaldiaren barruan, «Lauaxeta, ametsen egilea» erakusketa ibiltaria aurkeztu da. Jon Kortazar katedraduna, irakaslea eta idazlea da erakusketaren komisarioa, eta Lauaxetaren bizitzan funtsezkoak izan ziren udalerrietan Laukiz, Mungia, Durango, Bilbo eta Gernika) ikusi ahal izango da urte amaierara arte.
Erakusketak, 10 panelez osatuta, Lauaxetaren biografiaren gertaera gogoangarri nagusiak eskaintzen ditu, irudien eta testuen bidez. Panel bakoitzak poetaren amets handienetako bat ekartzen digu gogora: bokazio eta lan poetikoa, militantzia kulturala, konpromiso politikoa, nazio-kontzientzia iratzartzea... 1937an gerraren tragedia heldu eta poetaren exekuzioa gertatu arte.
Gainera, erakusketan, argitaratu gabeko dokumentuak eta duela gutxi berreskuratutako materialak egongo dira ikusgai, esaterako, Leizaola lehendakariaren lekukotzak, espetxeko sarrera-erregistroa edo euskal idazleek 1938an Bartzelonan egin zioten omenaldia.
Proiektu honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta eta haren ondare literario eta politikoaren balioa nabarmendu nahi ditu, eta horrela, Aldundiak memoria historikoarekin eta euskal kulturaren zabalkundearekin duen konpromisoa berresten du.