Síguenos en redes sociales:

Aldundiak bulldozer berria eskuratu du baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lanak indartzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak bulldozer makina berria ekarri du lurraldeko baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko operatibora. Eskurapen hori INFOBI planaren errefortzuaren parte da; plan horrek horrelako larrialdiei aurre egiteko Bizkaiko estrategia ezartzen du.

Makina, Komatsu markakoa (71 EX modeloa) aurrekoak baino potenteagoa, seguruagoa eta efizienteagoa da, eta emisioen arloko Europako araudi eguneratuena betetzen du. Baldintza zailetan jarduteko diseinatuta dago, eta aukera ematen du suteak prebenitzeko zein sua zuzenean itzaltzean sostengua emateko lanak egiteko. Besteak beste, helburu hauetarako erabiliko da: baso-pistak irekitzeko eta mantentzeko; suebakiak egiteko, eta larrialdietako taldeak iristeko zailak diren eremuetara sar daitezen errazteko.

Suteetan erabiltzeko segurtasun- eta eraginkortasun-irizpideak hartu dira kontuan, hala nola kabina babestua, gauez lan egiteko argiztapena eta komunikazio-sistema integratuak edukitzea. Gainera, makina nahiz langileak arrisku-egoeretan (esaterako, sua, hautsa, kolpeak edo objektuen erorketa) babesteko elementuak ditu.

Guztira 441.045 euro inbertitu dira (BEZa barne), Basalanen funts propioen bidez finantzatuta. Jarduketa Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) kofinantzaketa duen proiektu baten barruan dago. Funts horrek 2027ra arte lotutako prebentzio-lanen % 40 estaltzen du.

Bulldozer berriak Bizkai osoan emango du zerbitzua, beharrizanik handiena duten basoetan jardunez. Erabilera eskualde bakoitzean mendiek dituzten baldintzen arabera planifikatuko da, suteak zabaltzeko arriskua murrizteko eta gertatzen diren suteei arin erantzuteko.

Gaur egun, INFOBI operatiboak bi bulldozer dauzka jardunean. Lehengoa erabiltzen jarraituko da prebentzio-lanetan sostengua emateko eta langileak prestatzeko. Unitate berria maneiatzeko, makineria astunean esperientzia duten hamar makinistari eman zaie prestakuntza.

Bulldozer berria urte osoan ibiliko da. Jarduera nagusia prebentzio-lanak izango dira, baina, baldintzak egokiak badira, suteetan ere esku hartu ahal izango du zuzenean.

Eskurapen hau Aldundiak azken urteetan garatzen jardun duen estrategia zabalago baten barruan dago, baso-suteen aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko, makinerian, langileen prestakuntzan eta baso-azpiegituren hobekuntzan inbertsioak eginez.